2004 urtea

Otsailak 8

Igandea

Alea: 1012

‘Bando Punk’ fanzineak atera du ale berria
Publikazioak Gipuzkoa mailan ‘Punk-Oi!’ musika mugimenduaren berri ematen du. Entrebistak, erreportajeak, albisteak, umorea eta kritika daude bertan. Fanzinea salgai, Txema, Goiz Argi eta Anboton.

BANDO punk fanzinearen azkeneko alea kalean da. Fanzinea duela gutxi sortu zuen Hernaniko hirukote batek bultzatuta. Batez ere, Gipuzkoako Punk-Oi! musika taldeen eta punk mugimenduaren berri dakar. Hau da, Gipuzkoaldean punk eta skin mugimendu antifaxisten inguruan dabilen musika mugimenduaren berri ematen du. Aldizkariaren ‘0’ alea abendu bukaeran aurkeztu zuten eta astebukaeran jarri dute salgai ale berria.
Fanzineko ale berri honetan irakurri daitezke Captain Nemo eta Jodete musika taldeei egindako entrebistak, Londresi buruzko erreportaje bat, kontzertuei buruzko iritziak eta aldizkaria egiten dutenek utzitako beste hainbat kontu, euskeraz eta erderaz. Fanzinea salgai dago Txema, Goiz Argi eta Anboto tabernetan eta euro bat kostatzen da. Hernaniz gain, Gipuzkoako beste herri batzuetan ere banatzen da: Arrasate, Bergara eta Eskoriatzan, besteak beste.

Beren kabuz egina
Fanzine bat “zuk zeuk egindako aldizkari” gisa definitzen du publikazioan lanean aritzen den Ibon Apezetxea Pepinok eta Bando Punk fanzinea ere horrela sortua dela dio. Batez ere hiru lagunen artean egiten dutela dio Pepinok: “gure gogoetak publikatzen ditugu, egiten den guztia ateratzen da. Azken finean, inportanteena fanzinea ateratzea da-eta”. Hiru lagun horiekin batera beste kolaboratzaile batzuk ere aritzen dira fanzinerako edukiak eta maketazioa lantzen.
Bando Punk egiteko ez dute medio askorik eta Ibon Apezetxeak adierazitakoren arabera ez dute xentimorik gastatzen: “etxean egingo bagenu bezala da eta ahal dugun bezala egiten dugu. Gainera saiatzen gara hau dena egiteko ez xentimorik gastatzen; dena benefizioa da” dio parrez.

Erantzunarekin pozik
Salmentei begira ez dakite zenbat saldu duten abenduan atera zuten alearekin, baina hori jakiten gehiegi ere ez direla kezkatu adierazi digu Apezetxeak: “Ez dakigu zenbat saldu dugun, baina, konturatu gara jendeak fanzineari buruz hitz egiten duela. Interneten badago Bando Punki buruzko gune bat 120 bisita eta 20 iritzi jaso ditugu aurreneko alearekin” dio.

Mugimendu haundia
Ibon Apezetxeak dio garairik hoberenetakoa ari dela bizitzen Gipuzkoako Punk-Oi! estiloko taldeen mugimendua. 80ko hamarkadan zegoen mugimendurekin alderatuta, Apezetxeak dio orain musika talde, fanzine eta horrelako gehiago dagoela baina, garai hartan adinako ilusiorik ez dagoela eta orain sakabanatuago daudela dio eta horregatik egiten diren gauzak ez direla ezagutzen.
Bukatzeko, Bando Punk fanzineraren egileak jendea animatu du burura datozkion gauzak egitera: “jendeari esango nioke animatzeko, ez lotsatzeko eta buruan dituen gauzak egiteko. Buruan daukazuna egitea azkenean plazer bat da-eta”.


Hernanik eta Astigarragak nahi dute Urumea garbitu eta bideratzeko obrak legegintzaldi honetan bukatzea

Bi udalek eskerrak eman dizkie Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzari beren jokabideagatik. Hernanin 10 pertsonek eman dute Udaletxean beren kalteen berri.

Hernani eta Astigarragako Udalek uholdeak izan ezkerotik honuntza bitarteko gestioen balorazioa egin dute elkarrekin. Bi udalen hitzetan, erriberetan beti izaten da eta izango da uholdeak gertatzeko aukera. Hala ere, ziur daude “ondorioak ahal denik eta txikienak izateko bitartekoak jarriko direla”. Era berean, Joxan Rekondo eta Bixente Arrizabalagak zuzentzen dituzten bi administrazioek uste dute Hernanitik Donostia bitartean Urumea garbitu eta bideratzeko obrak urtebete barru hasiko direla, eta bilatzen duten konpromisoa da legegintzaldi honetan bukatzea.
Udalen esanetan, erakunde arteko harremanen emaitzarik garrantzitsuena izan da kalteak izan dituzteneei konponbide justua eman eta erreka garbitzeko lanak azkartzeko Diputazioa eta Jaurlaritzak izan duten borondatea. Udalek adierazi dute utarrilaren 24ko uholdeek nabarmen utzi zutela horrelako egoera baten aurrean erakunde guztien arteko elkarlanaren beharra. “Oraingoan, kalte materialak bakarrik eragin ditu, baina ondorio okerragoak izan zitzakeen” dio prentsa komunikatuak.

Garbiketa lanak Karabelgo zubian eta Landare parean
Uholdeen ondoren admistrazioek hartutako neurrien artean, Hernani eta Astigarragako Udalek azpimarratu dute Jaurlaritzako Ur Departamendua berehala hasiko dela Urumea garbitzen Karabelgo zubi ingurua eta Landaren. Inguru horretan, izugarrizko zuhaitz eta hondar pilak daude. Ergobiko zubian ere egingo dira garbiketak. Bestalde, Diputazioa aktibitate produktiboetan Seguro Kontsortzioak emandako laguntzak osatzera konprometitu da. Jaurlaritzak ere laguntzak emango ditu kreditu bigunak eman eta horien interesak subentzionatuta. Joxan Rekondo eta Bixente Arrizabalagak zuzentzen dituzten udalek eskerrak eman dizkiete Diputazio eta Jaurlaritzari beren jarrera ona eta neurriak azkar hartzeagik.
Zentzu horretan, Hernanin hamar bat kalte-erreklamazio bildu dira Udaltzaingoan, Udalak egindako eskerari erantzunda. Horietatik 3 garaje eta bajeran izandako kaleengatik eta gainerakoak baratza eta belazeetan izandakoengatik.

Madrilgo gobernuari deia
Kostaldeetako konpetentzia Madrilgo gobernuarena da eta Hernani eta Astigarragako Udalek eskatu diote elkarlanera biltzeko, Urumean egin beharreko lanetan.


Jaialdi multikulturala gaur arratsaldean

AMHER elkarteak jatorri eta kultura ezberdinak bildu nahi ditu gaur Plaza Berrian egingo den jaialdian. Ekitaldiak 16:30etan hasiko dira: Andeetako musika talde bat ez ezik, Ttarla dantza taldeko dantzariak, txistulariak eta trikitilariak ere arituko dira jaialdia girotzen. Ume jolasak ere izango dira eta ikastetxeetan ikasleek inmigrazioari buruz egindako zenbait lan ere bai.
AMHER elkarteak aurrera begira dituen helburu eta orain arteko lanaren berri ere azalduko du arratsaldeko ekitaldian.


Errugbia
Ejea - Hernani
Aurreko asteburuan Durangori irabazi ezinda, Hernanik Ejearen kontra izango du gaur gora begira jarraitzeko beste aukera bat. Partidua eguerdiko 12:00etan izango da.

Boleibola
Deustu-Hernani
Boleibolean, emakumezko taldeak Deusturen kontra arituko da gaur eguerdian, Bizkaian, 12:00etatik aurrera. Mutilen taldeak, berriz, asteburu honetan ez du partidurik..

Waterpoloa
Hernani-Izarraitz
Hernaniko bigarren taldeak Izarraitzen kontra jokatuko du gaur Ligako partidua. Neurketa Hernanin, 13:00etan.

Erremontea
Zeberio II-Auzmendi/Bitoria-Lizaso gaur Galarretan
Galarretan Zeberio II-Auzmendi txapeldunak Bitoria-Lizasoren kontra, gaur. Beste partiduak: Gorriz-Badiola/Matxin IV-Astibia; Bereziartua-Aizpuru/Agirresarobe-A.Lekunberri; Iribarren-AizpuruaII/ Matxin III-Gaztelu.

Bola
Erregularitatea Ereñotzun
Gipuzkoako bolariak Hernanin bilduko dira gaur, Erregularitate txapelketako tiraldia Ereñotzuko bolatokian baita. Tiraldia goiz eta arratsalde izango da eta Hernaniko bolariek aukera polita dute gaurkoan bolatokia ondo ezagutzearen bentaja aprobetxatzeko..

Txirrindularitza
Trialsin Fagollagan
Trialsin txapelketako hirugarren proba jokatuko da gaur Hernanin, Fagollagako zirkuitoan. Gipuzkoako espezialistarik onenak ikusteko aukera izango du bertara dijoanak.
Urtero, bezala, norberak probatzeko aukera ere izango da, eta bizikletarik ez duenarentzat antolakuntzak berak jarriko du. Proba goizeko 10:30etan hasiko da.

Buelta lehenengo orrira