2004 urtea

Otsailak 9

Astelehena

Alea: 1013

Kultura eta solidaritate festa Plaza Berrian
Lehenengo Jaialdi multikulturalak jende asko bildu zuen n Dantza, musika eta ume jolasak izan ziren

AMHER elkarteak antolatuta, Lehengo Jaialdi multikulturala egin zen atzo arratsaldean Plaza Berrian. Musika dantza, ume jolasak, txokolate beroa eta giro polita izan ziren, hainbat eta hainbat jatorrietako jendea elkarrengana biltzeko.
16:30ak jota hasi ziren ekitaldiak eta jaialdiaren aurreneko zatian umeak izan ziren protagonista, eskoba kirtenekin eltxetxoak hausten. Ondorenean, denek txokolate beroa hartzeko aukera izan zuten eta gero Ttarla dantza taldeko dantzariak egin zuten ordu erdi inguruko emanaldia. Jaialdiari errematea emateko, Fusion Andina taldeak erritmo eta kantu andino eta europearrak jo zituzten nahastuan.
Hegoamerikarrak gehienak
Jaialdiaren helburuetako bat bertakoak eta inmigranteak elkarrengana biltzea zen eta atzokoak lortu zuen hori, Plaza Berrian jende dezente bildu baitzen. Kanpoko jatorria dutenetan, hegoamerikarrak izan ziren gehiena. Beste jatorrietako jendea, ordea, afrikarrak, txinarrak eta abar, ez zen hainbeste bildu.
AMHER elkarteko ordezkariak pozik zeuden jendearen erantzunarekin eta eskerrak eman dizkiete jaialdian parte hartu eta lagundu dute guztiei. Beatriz Fernandino kultur zinegotzia ere han zen ekitaldian.
Elkarte multikulturalak inmigrazioaren fenomenoari elkarrekin erantzuteko lanean jarraitzen du.


Goiz Eguzki Jubilatu Etxeak otsailaren 20an du urteko asanblea

Jubilatu Etxeak hilaren 20an egingo du urteko batzarra, eta bertan emango du 2003ko balantzearen eta 2004ko proposamenen berri. Deialdiak 15:30etan eta 16:00etan dira.


Futbola
Gorengoak 3-3 berdindu, 0-3 galtzen joanda; Emakumezko Ligan Hernanik 4-1 irabazi

Hobea ere izan zitekeen, baina, azkenean asteburu txukuna izan da Hernaniko bi futbol talde nagusientzat. Gorengo mailan Hernanik Bergararen kontra jokatu zuen Zubietan. Partidua hasi eta konturatzerako hernaniarrak 0-3 galtzen zijoazten. Pentsamendu txar guztiak buruan bueltaka hasi baziren ere, aurreneko denboran hor eutsi zioten zuriberdeek. Bigarren denbora beste kontu bat izan zen. Loranen mutilak jokoz eta jarreraz erabat eman zioten buelta partiduari. Hernaniarren aurreneko gola erremate-erretxaze nahaste batean izan zen. Beste biak Xabi Blatxek sartu zituen. Partidua irabazteko aukera ere izan zuten, baina, azkenean enpatearekin konformatu behar.
Emakumezkoen Ligan, Hernanik partidu gorabeheratsua jokatu zuen, baina, azken ordu laurdeneko 3 golek borobildu zuten dena. Markos Trejoren taldea irabazten hasi arren, Grosek berdindu egin zuen. Partidu bukaera aldera ordea, Hernanik bikain asmatu zuen. Olaia Eizagirrek sartu zituen 2 gol eta Araitz Irazu eta Nieves Ortegak bana.


Kaldereroak
Zartagi hotsa eta jendetza Hungariatik Hernanira
Kaldereroak aurten ere animoso eta festarako gogoz etorri dira Hernanira. Ez zen ostiraleko gaugirorik, baina, Elur-Txorin afari ederra egin eta festa eta zalaparta ederra jarri zuten beste behin ere. Ohiturari eutsiz, Karroza Elur-Txoritik atera zen bera baita jai horren antolatzailea, eta herri barruan ibili zen, Kaxko eta inguruko elkarteei bisitak eginez. Kaldereroek urtero biltzen dute jendetza, bai parte hartzailetan eta baita ikusleetan ere, baina, aurten batez ere parte hartze haundia izan da.
Ikastetxeetan ere izan da kalderero jaia. Langileko umeek Plaza Berri jarri zuten beren kanpamendua ostiralean.

Ehiza
Toledotxiki urnietarra txapeldun Adarran eta Asier Arrizabalaga hernaniarra bigarren gaztetan
Larunbatean Inguruko Ehiza txapelketa jokatu zen Adarran eta aurten ere Toledotxikitar batek eraman du txapela. Jose Luis Toledotxikik 904 puntu lortu zituen, 9 pieza botata. Orain bi urte ere Santa Kruz elkarteko urnietar gazte horrek berak irabazi zuen, eta iaz berriz, aitak.
Bigarren postuan ere ehiztari urnietar bat gelditu zen, Josetxo Urdangarin, 603 punturekin. Hirugarren, Frantzisko Llanos andoaindarrak egin zuen 602 punturekin eta laugarren Luis Sanchez lasartearrak 504ekin. Inguruko ehiza txapelketan Hernani bueltako herri guztietako ehiztariak izaten dira, baina, hernaniarrek ezin izan zuten aurreko puntan ibili. Ondoena, Juan Antonio Beraza ibili zen.
Gaztetan, berriz, Asier Arrizabalaga Txantxangorrikoa bigarren gelditu zen Unai Legarreta urnietarraren atzetik. Arrizabalagak Legarretak baino pieza bat gutxiago bota eta pena zuen beste hiru ere altxa zituelako. Hirugarren, Markel Gonzalez Astigarragako ehiztari gazteak egin zuen.
Beteranoetan, Patxi Altuna eta Batista Iztueta lasartearrak gelditu ziren aurren-bigarren eta Balentin Urdangarin urnietarra hirugarren.
Inguruko Ehiza txapelketako antolatzaileek 70 eper eta faisan askatu zituzten txapelketa aurrean eta ehiztariek 57 pieza bota zituzten, % 75 inguru.

Xakea
Hernani Ak tablak eta Hernani Bk galdu
Gipuzkoako ligako partidak jokatu dira asteburuan eta hernaniarrek ez dute nahi bezain emaitza ona lortu. Lehenengo mailan, Hernani Ak 2-2 tablak egin ditu Fortuna C-ren kontra. Fernando Esnaolak lortu zuen partida irabaztea. Jon Altunak eta Mikel Apezetxeak tablak egin zituzten, eta Isidro Esnaolak galdu. Bigarren mailan, Hernani Bk 2,5-1,5 galdu zuen. Txema Orellanak irabazi egin zuen bere partida, Magi Ijurjok tablak, eta Joseba Goikoetxea eta Ioritz Ossesek galdu.

Saskibaloia
Hernanik irabazi, eta lehenengo mailara
Hernaniko saskibaloi taldeak 59-54 irabazi zion La Salleri larunbatean jokatutako partiduan. Emaitza horrekin, datorren urtean Hernanik kadeteetako lehenengo mailan jokatuko du.

Errugbia
Hernanik 12-63 irabazi zion atzo Ejeari
Benbenen mutilek nahiko erraz irabazi zioten atzo errioxarrei. Bi taldeen artean badago aldea eta atzoko partiduan ere antzeman zen hori. Hernaniarrek batez ere erasora jokatu zuten eta 12-63 bukatu zen partidua.

Waterpoloa
Hernaniarrentzat asteburu borobila
Asteburu betea eta borobila izan da Hernaniko waterpolo taldeentzat. Hernani Ak bi partidu jokatu ditu Urbat-en kontra larunbatean eta igandean, eta biak irabazi ditu: 10-16 Eibarren eta 22-3 atzo kiroldegian. Hernani Ak igoera faseari ekingo dio orain. Hernani Bk Izarraitzen kontra jokatu zuen atzo eta 14-3 irabazi zuen etxean.

Buelta lehenengo orrira