2004 urtea

Otsailak 20

ostirala

Alea: 1024

Aurrera: “Gure helburua da ezinduek herriko ekintzetan parte hartzea eta integratzea”
Aurrera elkarteak ezindu psikikoekin egiten du lan eta 16 urte daramazki zeregin horretan n Pozik hartuko dute gaurko omenaldia orain arteko lanaren errekonozimendu gisa ulertu dute saria.

Gaur hasiko dira Hernaniko inauteriak. Aurtengo festetan Aurrera elkartea omenduko da, herrian eta inauterietan egindako lanagatik. Plazan bertan egingo zaie omenaldiko lehen ekitaldia eta Udaletxean gero.
Aurrera taldea 1988an sortu zen ezinduekin lan egiteko. Hasiera batean lan talde gehiago zituen, baina gaur egun ezindu psikikoentzako denbora libreko taldea da Aurrera. Guztira 18 kide eta 7 monitore daude eta urte guztian egiten dituzte ekintzak: hamabostero ekintza bat egiten dute larunbat arratsaldean; urtean zehar egun osoko 3 irteera egiten dituzte Igeldora, Iparraldera, Bizkaira eta abar eta 4 eguneko Udalekuak ere egiten dituzte uztail inguruan, Santanderrera, Goizuetara, Lekunberrira...

Bederatzi urte Inauterietan
Urteko ekintza garrantzitsuetako bat Inauterietako Konpartsakoa izaten da. Bederatzi urte dira Aurrera elkartea inaturietan ateratzen dela, pirataz, arabez... eta aurten pailazoz. Gabonak pasa ezkero hasten dira Karroza preparatzen eta ez dute nolanahiko lana egiten. Eta ardura guztia gurasoek hartzen dute. Inauterietakoaz gain herriko ekitaldi askotan hartzen dute parte: Mendiriz Mendirekin, elkarteekin, Elizako koruarekin, Parrokiko taldeekin eta beste hainbat talderekin. Ekintza hauen helburu nagusia da ezindu psikikoek herriko ekintzetan parte hartzea eta integrazioa bilatzea eta baita gurasoei laguntza bat ematea ere. Alde horretatik herrian errekonozimendu eta babes haundia dutela diote Aurrerako kideek eta omenaldi hau ere gustora hartuko dute beren lanaren errekonozimendu gisa.
Monitoreak behar
Aurrera elkartean borondateko lana egiten dute monitoreek eta gaur egun 7 ari dira lan horretan. Garai batean 12-13 ere izan ziren eta astebururo antolatzen zituzten ekintzak, eta orain gutxiago izanda bi astez behin egiten dituzte. Monitorez justu xamar dabiltzala eta laguntza eskatu dute: interesatuak ostegunetan azaldu Biterira, arratsaldeko 19:30etan.


Pelota
Hernani -Bergara gaur Berria txapelketan

HernaniKo pelotariek Bergarakoen kontra neurtuko dituzte gaur indarrak Berria txapelketako kanporaketan. Binakako txapelketa da eta kadete, jubenil eta afizionatuetako partiduetan tanto gehiena ateratzen dituenak egingo du aurrera (nahiz bi partidu galdu). Kadeteetan, Paul Ojuel eta Izadi Grajalek jokatuko dute, Ojueli bizkarreko mina berritzen ez bazaio behintzat. Jubeniletan, Xabier Erdozio eta Aitor Gorrotxategi arituko dira. Nagusietan, Oier Mendizabal atzelaria da oraingoz segurua, eta aurrean Unai Alvarez edo Jon Zabala izango du. Printzipioz, Hernani aterako da faborito, batez ere kadete eta jubeniletan. Nagusietan, Muguruza-Gutierrez bergararrak Euskal Herriko txapeldunorde dira eta gauzak estu egongo dira. Bergarako taldean, kadeteetan Aldai-Osak arituko dira eta jubeniletan, Salegi-Altuna. Jaialdia gaueko 22:00eta hasiko da, kiroldegiko frontoian.
Bestalde, Hernaniko beste hiru pelotarik ere partidu garrantzitsuak dituzte gaur gauean Bizkaian: Sopelan, Beñat Aizpitartek Euskal Herriko finalean sartzeko aukera du, partidua irabazi edo orain duen bost tantoko aldeari eusten badio. Paleta Goman, Goiatz Manzisidor eta Amaia Martinezek Euskal Herriko semifinaletara sartzeko aukera dute gaurko partidua irabazita.


Waterpoloa
Hernani Ak igoerako faserako klasifikatu da taldeko lehenengo eginda
Igotzeko aukera haundiak ditu mutilen lehen taldeak, sailkapen faseko puntuak kontuan hartzen baitira n Larunbatean, Hernani Ak Leioaren kontra du, kanpoan.

Waterpoloko mutilen lehenengo taldea igoera fasea jokatzeko klasifikatu da eta aukera haundiak ditu datorren denboraldian Euskal Herriko lehen mailan jokatzeko. Orain bi urte ere mailaz igotzea lortu zuen Hernanik, baina, kategoria berrian lanak izan zituen eta iaz bigarren mailara jaitsi zen berriz ere. Aurten kalitateaz gain beterania haundiagoa ere badute Hernaniko jokalariek, eta sailkapen fasean onenak izan direla ikusita igotzeko talde faboritoetan dago Hernani.

Sei talde igoera jokatzen
Askartza, Maristas, Menditxo, Leioa, Osasuna eta Hernani dira lehen mailara igotzeko fasea jokatuko dutenak. Talde hauetako batzuk, ordea, goiko mailan beste talde bat badute eta horiek ezingo dira mailaz igo. Hori kontuan izanda, Menditxo eta Maristas izango dira Hernaniren kontrario haundienak. Sei taldeek ligila bat jokatuko dute eta lehenengoa zuzenean igoko da eta hurrengo biek promozioa jokatuko dute.
Mutilen bigarren taldea bosgarren gelditu da eta behean gelditu direnen arteko ligaxka jokatu beharko du. Ez da jeitsierarik jokatzen maila honetan eta ligilak ez du eragin haundiegirik izango, baina, partiduak jokatzeak mesede egingo die Kopari begira. Astebururako zuten partidua atzeratu egin da.

Neseken taldea ligan
Nesken liga ez da hasi zaharra eta oraindik 4 partidu jokatu dituzte. Lehengo asteburuan berdindu egin zuten Leioan eta jokoan ari dira hobera egiten. Helburua lehen hiruretan sartzea izango du Hernanik.

Gipuzkoa txapeldun
Atzo arratsaldean Unibertsitate torneoko finala jokatu zen Hernanin Gipuzkoa eta Bizkaiaren artean. Gipuzkoako taldean ia denak hernaniarrak dira eta 17-5 irabazi zioten bizkaitarrei.

 


 

Pedro Kanoren kontrako epaiketa hilaren 25era atzeratu dute
Pedro Kano Pittu hernaniarren kontrako epaiketa hilaren 25era atzeratu epaileak akusatuetako batzuen defentsak hala eskatuta. Askatasunak deituta, kontzentrazioa egin zen asteazkenean Gudarien plaza epaiketa salatzeko.

Jubilatu Etxeak asanblea gaur
Goiz eguzki Jubilatu Etxeak urteko batzar orokorra egingo du gaur arratsaldean. 2003 ekintzen berri eman 2004rako proiektu eta asmoak ere azalduko dituzte. Jubilatu Etxeko zuzendaritza kideak ez ezik, Ongintzako ordezkariak ere bilduko dira gaur.
Urteko batzarrerako deialdiak 15:30etan eta 16:00etan dira.

Jose Mari Etxeberria zenari oroigarria jarriko diote bihar Abailarrin
Jose Mari Etxeberria errefuxiatuaren heriotzaren 20garren urteurrena bete zen iaz eta urrian jakin arazi zuten bere aldeko oroigarri bat jarriko zela. Oroigarri hori bihar jarriko dute Abailarri azpian. Hara joateko 10:00etan dago zita Atsegindegin eta 10:30etan Besabin. Antolatzaileek ekitaldira joateko deialdia egin dute.

Bola
Belaunzaran aurrena Urnietan eta Ibon Miner onena herrikoetan
Joan den asteburuan Urnietan izan zen Bolako erregularitateko tiraldia. Eguneko onena Joxe Angel Belaunzaran urnietarra izan zen, 48 brila botata. Belaunzaranek ez zituen aparte hernaniarrak ere. Ibon Minerrek 47 brila bota zituen eta bosgarren gelditu zen. Migel Arrozpidek eta Joxe Ugalde 46na bota zituzten eta 10 eta 11garren postuetan gelditu ziren.
Igandeko tiraldia eta gero, Erregularitateko klasifikazioan Nikolas Osaba altzatarra dijoa aurrena 183 brilekin. Hernaniarretan, berriz, Antonio Miner dijoa ondoena, 6garren postuan eta 177 brilarekin. Migel Burugain 9garren dijoa 176ekin eta Migel Arrozpide 11garren 175ekin.
Igande honetan, Legazpiko Mauleonen izango da tiraldia.

Elizatxo Elkartea
Matilderi omenaldi afaria gaur
Elizatxo elkartean 25 urtetan garbiketa lanak egin dituen Matilde jubilatu egiten da eta gaur dute elkartean omenaldi afaria. Elkarteak Tenerifera bidaia bat oparituko dio Matilderi senarrarekin batera joateko eta gaur dizkiote ematekoak bidaia txartelak.

Arrantza
Federazioko baimenak Txantxangorrin
Txantxangorrik adierazi du Arrantza Federazioko baimena egiteko asmoa dutenek elkartera jotzeko ostiraletan, 20:00etatik 21:00etara.

Udal liburutegia
Ipuiak kontatzek ikasteko epea zabalik
Udalak Ipuiak kontatzen ikasteko tailerra antolatu du Jaurlaritzaren laguntzaz, eta izena emateko epea zabalik dago. Ipui tailerra otsailaren 26, 27 eta 28an izango da, ostegunetik ostiralera. Izena ematea hilaren 25 arte da, Udal Liburutegian.

Buelta lehenengo orrira