2004 urtea

Otsailak 21

Larunbata

Alea: 1025

‘Lur’ enpresak Hernanirako bidegorri sarea proposatu dio Udalari, bizikletan ibiltzeko 5.590 metrorekin
Udalak tramoka egiteko asmoa du bidegorri sarea, obra bakoitzean inguruari dagokion partea kontuan hartuta. Proposamenak aldaketak izan litzazke, tokian tokiko obra eta proiektuak errespetatzeko.

Hernaniko Udalak bidegorri sare bat sortzeko asmoa du Hernanin jendea bizikletan ibiltzeko, eta Lur enpresak proposamen bat egin du, bost kilometro eta erdi pasa dituena. Bost partetan banatua dago proposamena: lehen zatia Antziola eta Latsunbe artekoa da, bide berrian; bigarrena, Latsunbe, Zinkoenea, Florida eta Antziola artekoa; hirugarrena, Ave Maria parkekoa; laugarrena, Latsunbe, Urbieta eta Zin-koenea artekoa; eta bosgarrena, Florida, Ibaiondo poligonoa, Zikuñaga eta Zinko-enea artekoa.

Zatika egingo da
Andoni Amonarraiz Udaleko Zerbitzuetako zinegotziaren hitzetan zatika egingo da Hernaniko bidegorri sarea, tokian tokiko proiektuak egiterako orduan kontuan hartuta, egiten diren beste obrekin batera gauzatzeko. Proposamen honek aldaketak izan litzazke hala ere, tokian tokiko proiektuek hala eskatzen badute edo beste ibilbide batzuei egokiago irizten bazaie.

Latsunbe-Antziola
Bidegorri sareko lehen zatiaren proiektua egina dago dagoeneko eta Latsunbe eta Antziola elkartuko dituen saihesbide berriaren ondoan joango da. Guztira 375 metro ditu luzeran eta 198.900 euro inguruko aurrekontua du, Lur enpresaren proposamenean azaltzen denez.
Proposamenak 5.590 metro ditu eta kostua guztira 1.670.000 eurokoa izango da proposamenaren arabera, 278 miloi pezeta.

Proposamena fasez-fase
1) Antziola-Latsunbe: Dagoeneko proiektatua dago eta Antziola eta Latsunbe elkartzen dituen bide berriaren ondotik dijoa. Distantzia 375 metro. Kostua: 198.900 euro.
2) Latsunbe-Zinkoenea-Florida-Antziola: Latsunbetik Antziolarako bidea izango litzateke, Zinkoeneatik, Mañe y Flaquerretik, Floridatik eta Sagastialdetik barrena. Distantzia: 2.200 metro. Kostua: 583.000 euro.
3) Ave Maria Parkea: Etorkizunean Udal parkea izango da Ave Mariakoa eta Latsunbe Berri kalea eta bideko bidegorriak elkartuko dituen zatia parketik joango litzateke. Distantzia: 600 metro. Kostua: 159.000 euro.
4) Latsunbe-Urbieta-Zinkoenea: Ertzaintza pareko rotondatik Zinkoeneara joango litzateke bidegorria, Urbieta kalean berrena. Distantzia: 750 metro. Kostua: 198.750 euro.
5) Florida-Ibaiondo-Zikuñaga-Zinkoenea: Zikuñagatik, Floridatik eta Zinkoeneatik Ibaiondo eta Akerregi poligonoetara joango litzateke. Distantzia: 2.000 metro. Kostua: 530.000 euro.

Igeriketa
Olatz Altuna Gipuzkoako selekzioak deitu du Euskal Herriko txapelketan parte hartzeko

Gaur eta bihar dira Euskal Herriko lurralde arteko txapelketak Santurtzin eta Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroak hartuko dute parte.

Olatz Altuna igerilari hernaniarrak Gipuzkoako selekzioarekin parte hartuko du Euskal Herriko lurralde arteko Txapelketan. Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroak hartuko dute parte txapelketan, gaur eta bihar Santurtzin. Hernaniarrak denboraldi ona egin du orain artekoan eta horri eskerrak deitu du Gipuzkoako selekzioak.
Egindako marken artean, Espainiako txapelketarako minima egin du 50 metro libretan aurtengo denboraldian. Martxoaren 3tik 7ra jokatuko da Espainiako Txapelketa eta igerilari hernaniarra bertan izango da.

Kutxa Trofeoa
Hernaniko taldeko 33 igerilarik Kutxa trofeoko kanporaketak dituzte gaur Zarautzen. Hernani ondo dabil talde moduan aurten eta helburua torneoko finalera sailkatzea dute.



Hernaniko inauterien historia eta bizi izan dituztenen testigantzak
‘Hernaniko Inauteriak oroituz’ lana egin dutenek historiaren zati hori bildu beharraren garrantzia azpimarratu dute.

Ostegun gizen egunean, Hernaniko Inauteriak oroituz liburua aurkeztu zuten Biterin, Inauteriak berriz egiten hasi direneko 25garren urteurrenean. Lana herriko inauteriekin lotura izan duten pertsona talde batek egin du, beste zenbait pertsona eta talderen laguntzaz. Lanak Hernaniko inauterien historia biltzen du, gerraurreko jaia ezagutu zutenen testigantza eta azken 25 urteetan parte hartu dutenen esperientzia eta argazkiak. Xabier Iriarte eta Eulali Aranburuk aberastasun hori bildu beharraren garrantzia azpimarratu zuten, eta eskerrak eman zizkieten parte hartu zuten guztiei.

XVIIgarren mendetik datuak
Xabier Iriartek azaldu duenez, Hernaniko Inauterien aipamena egiten duen dokumentu zaharrena 1653 garren urtekoa da. XIXgarren mendean hartu zuten indar haundia eta inauterietako jai batzordea osatu zen. Gazte koadrilak, konpartsak eta abar indarra hartu zuten eta hor osatu zen gerra garai arte izaten zen festa modua. 1936an izan ziren azken Inauteriak Hernanin, erregimen berriak galerazi egin baitzituen. Urumea bailaran ordea, mozorro festa egiten jarraitu zuten 1960ko hamarkada arte.
1979an berriz ere inauteriak modu ofizialean hasi ziren Hernanin, gaur ezagutzen ditugun moduan. Udaletxeko kultura sailaren babesa duen argitalpenak 25 urte hauetako protagonista izan diren zenbait konpartsa, koadrila eta pertsonen bizipenak bildu ditu, eta argazki bilduma ederra ere bai. Hernaniko Inauteriak oroituz, liburudendetan dago.

 


 

Futbola
Partidu zaila baina irabazi beharrekoa
Egiako Matigoxotegi zelaian jokatuko dute gaur Hernanik eta Zarautzek, Gorengo mailan, 15:30etan. Hernani sailkapeneko zuloan sartu da eta oraindik partidu asko gelditzen diren arren, hasi beharra dauka irabazten denboraldia koplikatzea nahi ez badu. Zarautz denboraldi borobila ari da egiten eta hirugarren dijoa Hernanik baino 16 puntu gehiagorekin.

Errugbia
Igoera fasea preparatzera
Hernanik Atletikoren kontra jokatuko du gaur Aieten, 17:00etan. Hernaniarrak sailkatuta daude igoera faserako eta entrenamentu gisa dituzte ligako azken partiduak.

Zinea
‘Las mujeres de verdad tienes curvas’ filma
Las mujeres de verdad tienes curvas pelikula botako dute gaur eta bihar Biteri kultur etxean. Gaur 19.30etan eta 22:30etan eta bihar, igandea, 19:30etan.

Trabesiako eski ikastaroa otsailaren 28 eta 29an
Mendiriz Mendik trabesia eski ikastaroa antolatu du, hilaren 28-29 astebururako. Interesatuekin bilera egingo da otsailaren 23an (datorren astelehena) Mendiriz Mendin bertan, arratsaldeko 20:00etan. Bileran prezioa, ordutegia eta ikastaroaren inguruko gauzak zehaztu eta azalduko dira. Izen ematea Mendiriz Mendi elkartean egin behar da hilaren 24a baino lehen, astelehen, ostegun eta ostiraletan, arratsaldeko 20:00etatik 21:00etara.

Jose Mari Etxeberria zenari oroigarria jarriko diote gaur Abailarrin
Jose Mari Etxeberria errefuxiatuaren heriotzaren 20garren urteurrena bete zen iaz eta urrian jakin arazi zuten bere aldeko oroigarri bat jarriko zela. Oroigarri hori bihar jarriko dute Abailarri azpian. Hara joateko 10:00etan dago zita Atsegindegin eta 10:30etan Besabin. Antolatzaileek ekitaldira joateko deialdia egin dute.

Xakea
Bi taldeek Hernanin jokatuko dute gaur arratsaldean
Hernani Ak Gross E-ren kontra jokatuko du gaur, Aristizabal kaleko lokalean. Hernani talde buru gelditu liteke, puntu bakarrera baitago Fometo Btik. Hernani Bk Azkenaren kontra jokatuko du gaur eta 3-0 irabazi ezkero igoera fasera sailkatzeko aukerak ditu. Bi partiduak 16:00etan dira.

Buelta lehenengo orrira