2004 urtea

Urriak 31

Igandea

Alea: 1278

‘Urban’-en gol dotoreak eman zion garaipena Hernaniri
90garren minutuan sartu zuen Oskar Urbanok gola faltaz, partidua 0-0 bukatuko zela zirudienean. Partidu gogorra izan zen Hernani eta Idiazabalen artekoa, falta eta txartel askokoa.

Hernani partidu guztian ibili zen garaipena emango zion golaren bila eta merezi izan zuen 3 puntuak lortzea. Gola, ordea, ez zen 90garren minutura arte etorri eta jokalari eta zaleek sufritu egin behar izan zuten partidu guztian zehar. Hori bai, gola dotorea izan zen: bigarren zatiko 45garren minutuan falta egin zioten Hernaniko jokalari bati areatik 10 bat metrora eta Oskar Urbanok dotore bota zuen golera, Idiazabalgo porteroa erdiraketaren zai zegoela aprobetxatuta. Garaipenak goiko postuetan uzten dute Hernani, eta Idiazabal, aurkari zuzena, 3 puntutara.

Partidu gogorra
Idiazabalek talde gogorra dela erakutsi zuen atzo eta partidua zikin xamarra ere izan zen zenbait jokalditan. Erregional mailan arbitro bakarra izaten da linierrik gabe eta ikusten ez duen jokaldi asko gertatu liteke zelaian. Txartel ugari ikusi zituzten Hernani eta Idiazabalgo taldeek eta goierriarrek 10 jokalarirekin bukatu zuten partidua.

Zubipen berriro
Bost jardunaldi itxaron behar izan ditu Hernanik berriro ere Zubipen jokatzeko, eta atzo nabaritu zen afizioaren beroa. Belar artifiziala oraindik berri xamarra dago eta kautxoa ondo hartu gabe dauka lurrak, eta horregatik zelaia normalean baino labainagoa zegoen. Puntuan jartzeko pare bat hilabete beharko dira, eta ea puska batean uholderik ez dagoen.


Sagastiyako plan partziala aurreko legealdiko Udal arduradunek “4 urtean paralizatuta” eduki zutela erantzun dio Udalak BHri
Hasiera batean 600 pisu zirenak 364 izatera aurreko legegintzaldian egindako hitzarmeneko “retokeei” eskerrak pasa zirela ere badio Udalak.

Iñaki Arratibel Hirigintza Zinegotziak erantzun dio BHri Kronikara bidalitako prentsa ohar batean. Arratibelek dio balorea behar dela Udal gobernua 4 hilabete atzeratu izana salatzeko, “lehengo udal arduradunek gaia 4 urtean paralizatua eduki zutenean”. Arratibelek dio BHk arrazoi duela dioenean Sagastiyako konbenioaren gestioa Joxan Rekondo buru zen legegintzaldian hasi zela eta gaineratzen du “HB alkatetzara iristean legegintzaldi guztia pasa zuen hitzarmena retokatzen”.

600etik 364ra
Prentsa oharrak dio: “hitzarmenari egin zioten retoke izugarria 600 etxetatik 364era pasatzea izan zen. Gainera, renuntziatu egin zuten Udalari zegokion % 10eko aprobetxamendu urbanistikora, guk etxe parke bat lortu eta Ongintza Patronatuaren esku jartzeko asmoa genuenean, urgentziazko beharrak betetzeko. Eta hori gutxi balitz 600 bizitza horietan prioridadea hernanaiarrei emateko konpromezua zena, 364 etxeren erdia bihurtu zuten hernaniarrentzat, 182”.
Bukatzeko, Arratibelek dio BHri min ematen diona dela “egin diren babes ofizialeko ia etxe guztiak gainerako alderdien iniziatibaz egin direla, eta min ematen dio baita ere gainerako zinegotziek babestutako etxeetara ez apuntatzeko dezentzia izan dutela, bere promozio bakarretakoan gertatu ez dena, Ereñotzun, BHko zinegotzi batek etxea lortu baitzuen”.


Inmaculadak dio beren ikastetxeari buruz urtero ateratzen diren esamesak funtsik gabeak direla
Ikastetxeko zuzendaritzak eta irakasleek idatzi dute prentsa oharra.

Inmaculada ikastetxeko hezkuntza komunitateak prentsa oharra bidali du Hernaniko Kronikara, “urteak joan eta urteak etorri beti izaten delako esamesen bat gure zentroari buruz. Ikastola ez garen aldetik edo, agidanez badugu herrian gureganako joera negatiboren edo legenda beltzen bat”.
Inmaculadak dio ez dakitela nondik sortzen diren esames hauek, eta argi utzi du “funtsik gabekoak” direla. “Gure zentroa pribatua eta kontzertatua da -dio prentsa oharrak- gestio pribatukoa baina Eusko Jaurlaritzarekin hitzartutako ikasketak ematen dituena. Haur Eskola, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza eta Erizain Laguntzailetarako Lanbide Heziketa Zikloa ditugu”. Irakasleak euskaldunak eta gehienak hernaniarrak direla ere argi utzi nahi izan du Inmaculadako hezkuntza komunitateak.

D eta B ereduak
Inmaculadak dio oraindik badela herrian klaseak erdera hutsean ematen direla uste duenik eta argitu dute “Haur eta Lehen hezkuntzan D eredua daukagula (euskara hutsean) eta Bigarren Hezkuntzan, berriz, B eredua (euskara eta gaztelania nahastuta). Dena den gure ikasle askok D ereduan jarraitzen dituzte beraien ikasketak gure ikastetxetik kanpo, hauen euskara mailaren adierazgarri”.
Euskal Herrira eta beren ikastetxera atzerritar asko joaten dela ere badio idatziak eta hauentzako erdera eta euskera indartzeko baliabide bereziak prestatzen dituztela Lasarteko PATaren laguntzaz “eta baita euskara hutseko klaseetan integratzea lortu ere”. Horrez gain, Inmaculadak dio ikastetxea ijitoz beterik dagoela aurretik esan izan dela eta ijitoak Hernaniko beste edozein ikastetxetan bezala badaudela “legez, gainontzekoek bezalaxe eskolaratuak izateko eskubidea baitute”.
Bukatzeko diote orain artean bezala lanean segiko dutela, eta begirunea eskatu dute beren lanarekiko. Informazio gehiago nahi duenak ikastetxeko ateak irekita dituela ere esan dute.

 

 

Boleibola
Mutilen taldeak 3-2 galdu zuen Bilbon
Boleiboleko mutilen taldeak Euskadiko Ligako partidua zuen atzo Bilbon Rekalderen kontra eta galdu egin zuten, egindako akatsen erruz. Boleibol kanpo txikia da Rekalderena eta badirudi hernaniarrek ez diotela neurririk hartzen, bi urtean jarraian galdu baitute. Jokoak: 25-23, 18-25, 25-11, 26-24, 15-6. Gaur, neskek jokatuko dute 12:00etan, Torrelavegan.

 

EHE-k batzarra egin berri du Hernanin
Euskal Herrian Euskarazek batzarra egin berri du Hernanin eta bertan bildutako talde eta banakoei ikasturterako bi erronka nagusi azaldu dizkie: bata, “Osasungintzan euskaldunon eskubideak bete ditzatela eskatzea”. Dioenez 600 firma bilduak ditu EHEk Hernaniarren kejekin eta eskubideak aldarrikatzen, kejak biltzen eta keja hauek Osakidetzara, Behatokira eta Udalera bideratzen jarraitzeko asmoa erakutsi du. Beste erronka da “Hizkuntz Eskubideak!!, Bai Euskarari!! eta Euskara Normalizazioaren bidean aurrera jarraitzea”. Bide horretan talde eta herritarrek konpromezuak hartu eta betetzearen garrantzia azpimarratu du EHEk. Erronkez gain ikasturteko zita nagusien berri ere eman dute eta aurtengo urterako antolatuak dira: azaroaren 27an, Ezabaketa eguna; eta abenduaren 18an, EHEren 25garren urteurren ekitaldia, Iruñeko Anaitasunan.

 

Waterpoloa
Hernaniarren arteko derbya gaur
Gaur hasiko dute denboraldi berria EHU Hernani eta Hernani B taldeek, elkarren kontra. Gipuzkoako ligako partidua izango da gaurkoa eta denboraldia zein sasoi punturekin hasiko duten ikusteko partidu garrantzitsua. Partidua 13:00etan hasiko da kiroldegian eta waterpolo taldeek dei egin diete herritarrei emozioz betetako lehen derby horretara azaltzeko.

 

‘Udazken Igande Sargoria’ azken saioa
Aritz Sound System ariko da gaur musika jartzen Tilosetan, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara, Udazken igande sargoriako azken saioan. Musika beltza jarriko du (reggae, rap, soul, brasil...). Eguraldi txarra bada Sandiusterrin.

Jasota Bezala

Inmobiliariak lapurrak

Etxebizitza lortzeko gaur egun dugun ezintasunean, erantzukizuna dute inmobiliariek. Erosi, alokatu, edota informazioa eskaintzeagatik soilik, beraiek ezarritako “zerga” kobratzen digute.
Guztion esku dago etxebizitza arazoari aurre egitea eta pauso bat litzake inmobiliariak jokoz kanpo uztea.
Horretarako etxeen salmenta eta alokatzea beste bide batzuetatik eskaini behar dituzte etxeen jabeek; egunkari, kultur etxe eta abarretan jarri daitezke iragarkiak, ahoz ahokoa ere beste aukera bat da. Hala ere, “zergarik” ezarri gabe bitartekaritza zerbitzu hori Udaletxeak bere gain hartzea beharrezkoa da.

ETXEBIZITZA ARAZOARI AURRE EGIN!!

Axel Aizpiolea
Ate Jokako kidea

 

Dobera Euskara Elkartea
Loteria salgai
Doberak loteria salgai jarri du urteroko moduan. Dobera Euskara Elkartean bertan (Larramendi 11 behea), Aiten Etxe eta Kide tabernetan eta Axeri dendan daude.

 

Odol ematea
Estrakzioak asteartean
Datorren asteartean da odola emateko eguna Hernanin, hileroko lehenengo astea izaki. Anbulatorioan, 18:30etatik 20:30etara.

 

Errugbia - Ohorezko B Maila
Hernanik hirugarren garaipena segidan
Partidu zaila irabazi zuen atzo Hernanik Durangon, 14-16 eta lau partidutatik hiru irabaziak dituzte dagoeneko. Lehen zatian bizkaitarrak gehiago izan ziren eta 7-6 aurretik bukatu zuten. Bigarren zatian, buelta eman zion Hernanik partiduari eta 7-16 jarri zen aurretik. Azken minutuan egin zuen 14-16-ko entsaioa Durangok. Atzo sei bajarekin jokatuta irabazi zuen Hernanik eta erakusten ari da ez dela maila berrira lo egoteko igo.

 

Buelta lehenengo orrira