2003 urtea

Urtarrilak 16

Ostirala

Alea: 990

Euskerazko eskaintza haundiena Administrazioa eta Hezkuntzan dago, eta txikiena osasuna, ekonomia eta komunikabideetan
Horixe da Sei Soziolinguistika Elkarteak Hernaniko euskarazko eskaintzari buruz egindako azterketaren ondorioetako bat.Euskerazko eskaintza % 53 ekoa da, ezagutzaren parekoa.Azterketa Udalak aginduta egin da.

2001ean Hernanin euskeraz zenbat hitz egiten zen neurtu zen (% 27ak) eta orain herrian euskerazko eskaintza zenbatekoa den neurtu du SEI elkarteak, Udalak aginduta. Bi konklusio dira nabarmentzekoak:1) Hernanin euskerazko eskaintza ezagutzaren parekoa da, % 50ren bueltakoa. 2) Euskerazko eskaintzarik haundiena Administrazioan (% 77) eta Hezkuntzan (% 70) dago, eta txikiena herritik kanpoko komunikabideetan (% 27) eta ekonomian (% 43).
Gainerako sektoreetan: gizarte erakundeetan % 63koa da euskerazko eskaintza eta osasungintzan % 52koa.
Azterketa hori egiteko SEIk sektore guztietako eskaintza hartu du kontuan. 800 elementu eta establezimenduetan duten euskerazko eskaintza neurtu dute: besteak beste, 425 establezimendu komertzial eta ostalaritzakoak, 164 enpresa, kirol taldeak, elkarteak eta abar. Euskerazko eskaintza neurtzeko erabili diren puntu nagusiak izan dira: idatzizkoa (errotulazioa, informazioa euskeraz badagoen eta abar) eta ahozkoa (lehen hitza, segitzeko gaitasuna eta abar).
Datu horiek asteazkenean eman ziren Biterin egindako ekitaldi publikoan. Txema Mercado Euskara Zinegotziak, eta Pablo Suberbiola eta Larraitz Garmendia SEIko kideek aurkeztu zituzten azterketa lortutako emaitzak.
Euskera Batzordeak adierazi du emaitza horiek ez dutela sorpresarik eman eta lehenago ere intuizioz eta beste hainbat daturekin somatzen zela azterketak konfirmatu duena. Malores Etxeberria euskera teknikariaren hitzetan, “lan egin den arloetan antzematen da hobekuntza. Badira, ordea, sektore batzuk -enpresak esaterako- oraindik ikutu gabe daudenak eta hori antzematen da”.
Euskera Batzordearen asmoa da aurrera begira ere azterketa egitea euskeraren eboluzioa ikusteko. Horrela, 2006an berriz neurtuko litzateke euskeraz zenbat hitz egiten den eta 2008an berriro euskera eskaintza aztertuko litzateke.

ONDORIO NAGUSIAK
-Hernaniko euskera eskaintza jendeak duen euskara ezagutzaren maila paretsukoa da.
- Administrazioan, hezkuntzan eta gizartean dago eskaintzarik haundiena eta herritik kanpoko kominikabideetan txikiena.
- Euskeraz dakiten gehienek aurreneko hitza euskeraz egiten dute.
- Idatzizkoan, web guneetan topatu da euskezko eskaintza txikiena, askotan testu berrienak diren arren.

EUSKARAZKO ESKAINTZAREN SEKTOREKA:
-Administrazioa: %77
-Gizartea: % 63
-Ekonomia: %43
-Komunikabideak: %27
-Hezkuntza: %70
-Osasuna: % 52

 


Hernaniko waterpoloko taldeak hasi du tenporada emakumezkoen kategorian
Pasa den astebukaeran hasi zuten liga UPNAren kontra izan zuten partiduan. Hurrengo partidua urtarrilaren 24an izango dute Santoñaren aurka.


Waterpoloko Hernaniko taldeak tenporada hasi du emakumezkoen kategorian. Aurreneko partidua pasa den larunbatean, urtarrilaren 10ean, izan zuten UPNAren kontra (Nafarroako unibertsitateko taldea), eta emaitza 11 eta 4koa izan zen Naforroako taldearen alde. Aste honetan deskantsoa izango dute eta hurrengo partidua kanpoan izango dute, urtarrilaren 24an, Santoñaren kontra.

Iaz hirugarren postuan
Hernaniko waterpolo taldeak tenporada ona egin zuen iaz, hirugarren postua lortu baitzuten klasifikazioan. Aurtengo taldea 11 jokalarik osatzen dute eta horietatik 5 jokalari berriak dira. Migel Angel Redondo entrenatzailearen esanetan, aurten, batez ere, bi dira entrenamenduetan landuko dituzten arloak: oinarrizko teknika indibiduala eta taldeko teknika. Ekipoak oraingoz astean hirutan entrenatzen du: astelehen, asteazken eta ostegunetan, arratsaldeko 20:30etatik 22:00etara. Aurrerantzean gehiagotan entrenatzeko asmoa dute.

Toki gehiagoren beharra
Migel Angel Redondo entrenatzaileak adierazi du piszinako bi kale bakarrik dituztela entrenatzeko eta ordutegiak ondo koordinatu ezkero posible izango litzakela piszina osoan entrenatzea.


Urnietan jarri nahi duten inzineradorari buruz
aritu ziren asteazkeneko mahai inguruan

Bildu Hernanik antolatu zuen mahaingurua . Hiru hizlariek beste alternatiba batzuk defenditu zituzten.

Bildu Hernanik mahai ingurua antolatu zuen pasa den asteazkenean, Urnietan jarri nahi duten Inzineradoraren inguruan. Mahai inguruan hizlariak izan ziren: Pablo Lozano, Urnietako Arnasa plataformako kidea; Xabier Landa, San Markos Mankomunitateko lehendakari izandakoa eta Juan Mari Beldarrain, Eguzki talde ekologistako kidea.
Xabier Landa San Markos Mankomunitatean lanean aritutakoa da eta berak adierazi zuen hainbat politikarik inzineradora eraikitzeko interes haundia dutela eta idatzitako txostenetan zaborra tratatzeko beste hainbat alternatiba gutxi-etsi eta baztertu egin direla.
Pablo Lozano, San Markos Mankomunitateko planari buruz aritu zen eta adierazi zuen plan horretan agertzen diren puntu asko manipulatuta daudela: ez dela egia bertederoa behar ez denik, ingurugiro kontrolak manipulatu egiten direla, eta inzineradorak energia sortu baino gehiago kontsumimituko lukeela, besteak beste.
Juan Mari Beldarrainek adierazi zuen, inzineradoraren aurkako oposizioa haundia dela eta Frantziako adibidea erabili zuen. Bertan inzineradorek gehienez 30-35 urte bizitza dutela adierazi zuen. Horretaz gain alternatiba bezala proposatu zuen, atez ateko zabor bilketa eta sortzen den zaborragatik ordaintzea.


Jasota bezala (Gutunak)

Hernaniko historiaren zati bat joan da
Iragan igandean, urtarrilaren 11n, hil zen, 83 urte zituela, Josebe Goia Zubiri, Hernaniko historiaren zati inportanteenetariko emakume bat. Askotan, orain dela bi hilabete eskas azkenekoa, izan gara berarekin hainbat kontu eta historia gogoratzeko, eta beti, eragozpenik gabe, prest zegoen zekiena kontatzeko eta gordeta zeukana erakusteko. Errepublika, Gerra Zibila eta frankismoaren inguruan ematen zizkigun datu eta gorabeherak inportanteak izan ditugu oso Hernaniko XX. mendeko historia berridazteko. Gerra Zibilaren garaian Hernanin afusilatu zituzten pertsonak beti presente izan dituela eta azken bi urteetan herrian horren inguruan eginikoa, neurri handi batean, berari esker izan da. Hernaniko historia gogoratzeko eta berridazteko, azkeneko urteetan harengana hurbildu garenoi erakutsi diguna ez dugu inoiz ahaztuko eta ezin dugu agurtu eskerrak eman gabe.

Jesus Mari Gomez
Udal Artxiboa

Chiapasi buruzko
diapositiba emanaldia

Zapatistei buruzko jardunaldien barruan, euskal brigadista batek iaz Chiapasen ateratako diapositibak botako dituzte gaur. Andragoto Ateneoan, arratsaldeko 20:00etan.

‘Berria’ txapelketako lehen partidua igandean izango da
Hernaniko, Urnietako eta Usurbilgo pelota elkarteek klub arteko pelota txapelketa antolatu dute 24 klubekin: Berria txapelketa. Gaur hastekoa zen torneoa, baina, Ortuellako taldeak lesio asko ditu eta bertan behera gelditu da Leitzaren kontrako norgehiagoka. Lehen partidua datorren igandean izango da, hilak 18, Urnietan, goizeko 11:00etan eta Goizueta eta Lizarra izango dira aurrez aurre.

AMHER elkarteakbilera du gaur

AMHER elkartea jaialdi multikulturala antolatzeko lanean ari da eta bilera egingo dute gai hori lantzeko. Gaur, arratsaldeko 19:30etan Biterin.

Ehiza sari banaketa
gaur Txantxangorrin

Txantxangorri elkarteak afaria eta ehizeko sari banaketa egingo du gaur. Irabazle Iñaki Loiarte gelditu da; bigarren, Juan Antonio Beraza; hirugarren, Asier Arrizabalaga; eta laugarren Iñaki Mendizabal.

Zinea Biterin
‘Mystic River’

Mystic River pelikula famatua botako dute asteburuan. 13 urtetik gorakoentzat da pelikula hau. Zuzendaria Clint Eastwood da eta antzezle nagusiak: Sean Pean, Tim Robbins eta Kevin Bacon. Gaur gaueko 22:30etan.

Mendiriz Mendi
Loatzora joateko izena emateko
azkeneko eguna gaur
MEndiriz mendik Loatzora joateko eskursioa antolatu du urtarrilaren 18rako. Izena eman nahi duenak gaur du azken eguna eta horretarako Iturregi Plazako lokalera joan behar da arratsaldeko 20:00etatik 21:00etara.

Gazte Txokoa
Pultsera tailerra gaur, eta izotzetan
patinatzera bihar
Gazte Txokoko gazteak pultserak egingo dituzte gaur arratsaldean Aristizabal kaleko lokalean. Biharko ere badute plana, Txuri Urdinera joango dira-eta izotzetan patinatzera. Igandean, Play Stationean arituko dira.

Buelta lehenengo orrira