2003 urtea

Urtarrilak 17

Larunbata

Alea: 991

Txotx denboraldiak bihar izango du hasiera ofiziala Hernanin, Lizaso aita semeen eskutik
Ekitaldia sagardogileek, Tolareak, Kaxko elkarteak, Berriak elkarteak eta Udalak antolatu dute, eta txotx denboraldia hasi eta Azpeitiako herria omenduko dute . Goizeko 11:30etan, Gudarien Plazan.

Txotx garaia hasteko zorian da Hernanin, aurtengo sagardoa nolakoa datorren probatzeko bolada. Hernanin iaz hasi ziren ekitaldi ofiziala egiten eta aurtengoa ere prestatua dago. Bihar Xebastian eta Joxe Lizaso bertsolari famatuek egingo dute ohorezko txotxa, eta jarraian Gudarien plazara inguratzen diren guztiek izango dute sagardo berria nolakoa datorren dastatzeko aukera.

Azpeitiari omenaldia
Antolatzaileek herri bat omentzeko asmoa dute txotx kanpaina bakoitzeko hasiera ekitaldian. Iaz Goizuetako herria omendu zuten eta bi herrietako jende pila haundia elkartu zen plazan. Aurten Azpeitia da Hernaniko herriak omenduko duena. Azpeitiako zenbait ordezkari etortzekoak dira eta Julian Barrenetxea elkarteak San Sebastian martxa eta beste pieza batzuk joko ditu.

Biharko ekitaldia txalapartariek eta Maialen Lujanbio eta Aritz Zerain bertsolariek girotuko dute eta sagardoa ezezik pintxoak ere izango dira inguratzen den jendearentzat. Ekitaldi ondorenean, bazkaria dago Itxasburu sagardotegian, Azpeiti eta Hernaniko herritarrentzat. Txartelak hartu nahi dituenak Aralar tabernan, Haizea kortseterian eta Itxasburu sagardotegian bertan du aukera.


Kronika pelota txapelketa aurrera dijoa eta partiduak izango dira gaur Tilosetan


Kronika pelota txapelketa ari da jokatzen eta gaur bi partidu daude iragarrita 16:00etatik aurrera Tilosetan. Miner-Mitxelenak Aranburu-Artolaren kontra jokatuko dute eta Legarreta-Ezeizak Garzia-Kijeraren kontra. Hala ere baliteke partidu hauek aurreratu edo atzeratu izana, asko astean zehar ari baitira jokatzen.

Gipuzkoako txapelketa
Herrietako txapelketak irabazi dituzten bikoteen arteko txapelketa antolatu du Gipuzkoako pelota federazioak. Xabier Legarreta eta Gorka Ezeizak irabazi zuten iaz Kronika txapelketa eta berak dira Hernaniko ordezkariak. Lehen partidua irabazi egin zuten lehengo astean Antzuolaren kontra eta 22-15 irabazita aurrera egin zuten. Gaur dute bigarren partidua, 17:00etan Usurbilen, Azpeitiako bikotearen kontra.


Xalaparta elkarteak urteko
batzarra egingo du bihar

Ez ohizko batzarra da 10:00etan eta jarraian, 10:30etan, urteko batzarra.

BildDATORREN igandean, hilak 18, Xalaparta elkarteak urteko batzarra egingo du. 2003 urteko balantzea egingo dute besteak beste.
Batzarrerako bi konbokatoria izango dira: 10:00etan ez ohizko batzarra dago deitua eta 10:30etarako deitu dute urteko batzar nagusia.


Hasi da txotx denboraldia Hernanin

Ximon Etxeberria Belaunzaran Sagardogilea
“Sagardoa era naturalean egiteak arrakasta izan du, eta horregatik segiko degu hala egiten”


KRONIKA: Ona al dator aurtengo sagardoa?
Generalean, uste det baietz, nahiko ona datorrela. Zaporea, kolorea, usaia... oso gustora gaude aurtengo sagardoekin. Berez, sagar urtearekin badu zer ikusia horrek. Aurten hemen sagar gutxi izan da, eta horregatik kanpotik ekarri eta bariedade asko nahastu behar izan ditugu. Iaz berriz, ez zen aurtengo bezain sagardo urte ona izan: sagar guztia bertakoa erabili behar izan genuen eta bariedade gutxi nahastu genituen.

Nahastean al dago sagardo onaren sekretua?
Sekreturik inork ez daki, baina, sagar bariedadeak nahastea kontuan hartu beharreko gauza iruditzen zait. Noski, beste gauza asko dira sagardoan eragiten dutenak eta urtero bete beharrekoak. Adibidez: sagar kalitatea: ustelak ez erabiltzea eta abar; garbitasuna: kupelak ondo garbitzea, urarekin, karearekin, eta jaboirik gabe.
Funtsean nik uste det beti bezala egin behar dela sagardoa. Hortik lortu da arrakasta eta hala segi behar degula uste det.


Ana, Antonio eta Arantxa Eguzkitza Sagardogileak
“Ahozko t
ratua daukagu baserritarrekin: sagarra baldin badaukate hartu egiten diegu”


KRONIKA: Beti ezagutu al duzue sagardotegia zuen etxean?
Beti. Inguru honetan sagardoa etxe askotan egiten zen baina sagardotegi bezela gutxi egon gara. Tolareak ere ez ziren asko eta tolare horietan etxe askotako sagardoak egiten ziren.

Zer gogoratzen duzue orduko sagardotegiko giroaz?
Sagardotegiak gauza asko izan ditu oso bereak. Adibidez, bertsoa eta sagardotegia oso lotuak egon izan dira beti. Mitxelenak etxe honetan egin izan dituen saioak! eta Lazkao Txikik, eta beste askok.
Gogoratzekoa da, baita ere, sagardotegia gizonezkoen tokia zela. Gurean sartu ziren lehen emakumeei erdia kobratu zitzaien, gutxiago edango omen zutela-eta. Urtebete eta gero, berdin kobratzen hasi ginen.

Asko aldatu al da sagardogintza azken urteetan?
Gauza batzuetan bai, baina, funtsean lehengoa izaten segitzen du. Sagardoa betiko modura eta bertako sagarrarekin egiten dugu. Noski sagarra falta denean kanpotik ekartzen da, baina, dagoenean hemengoa erabiltzen dugu. Horretarako, badago ahozko edo hitzezko tratu bat baserritarrekin.


Laxaro Etxabe Zerain Sagardogilea
“Sagardoarena ez da hasi berrientzako oso mundu errexa, baina bagoaz aurrera poliki-poliki”


KRONIKA: Nola hartu zenuten sagardotegia jartzeko erabakia?

Etxean beti egin izan degu sagardoa eta neri beti gustatu izandu zait. Horregatik, orain dela sei urte erabaki genuen sagardotegia jartzea: bageneukan lekua, tolarea ere bai, eta gogoz ekin genion.

Gustora al zaudete 6 urte horietako lanarekin?
Bai, nahiko gustora. Hemen gauzak poliki dijoaz aurrera baina, pixkanaka ari gera lekua aurkitzen. Sagardoarena ez da hasi berrientzako mundu errexa. Gastuak haundiak dira, bete beharreko baldintzak ere bai, eta sagardogintzak ere badauzka bere zailtasunak.

Ikasten ere asko ariko zarete.
Basikoa bagenekien, baina, bai, etengabe ari gera ikasten. Sagardoa gauza bizia da eta aldatu egiten da, urtetik urtera, hotzetik berora eta abar... Dena dela, ari gera ikasten eta adibidez, aurten sagardo ona datorkigu. Gozo onarek
in dator eta iaz baino alkohol gehixeagorekin.


Hamahiru sagardotegi txotxean

Txotx garaia hasteko zorian da Hernanin, aurtengo sagardoa nolakoa datorren Euskal Herri guztian egiten da sagardoa, edo egin izan da behintzat, baina, gaur egun, Hernani, Astigarraga, Urnieta, Donostia eta Usurbil aldean dago ohitura eta sagardotegirik gehiena. Hernanin 13 sagardotegik irekiko dute aurtengo txotx denboraldian eta gehienak gaur emango diote hasiera. Astez eta asteburuetan dago sagardotegira joateko ohitura, baina, giroa nahiko desberdina izaten da sagardogileek berek diotenez: aste egunetan bertako jendea ibiltzen da gehien eta lasaiago egoten dira sagardotegiak; asteburuetan jende asko biltzen da eta Hernaniz kanpotik ere jendetza inguratzen da.

Bixitari ugari Hernanira
Sagardotegi boladan jendea erruz inguratzen da Hernanira eta herriko giroan ere badu eragina honek. Gauetan jende asko ibiltzen da Hernanin urtean zehar eta txotx garaian oraindik eta gehiago. Urteroko moduan, sagardogileek, Kaxko auzo elkarteak, tabernanariek, Berriakek, Tolareak eta Udalak hitzartu dituzte taberna ordutegi eta arauak aurtengo sagardotegi boladarako. Ordutegiari dagokionez, igande, astelehen, astearte, asteazken eta ostegunetan normalean baino ordu erdi beranduago isteko aukera izango dute tabernek eta ostirala eta larunbatetan ordu eta erdi beranduago. Bestalde, diptikoak banatuko dira sagardotegien mapa eta informazioarekin eta herrian komunak eta garbiketa zerbitzu berezia jarriko ditu Udalak.

Tabernak ixteko ordutegiak Txotx garaian
Urtarrilaren 17tik 29ra: igandetik ostegunera: taberna eta kafetegiak 01:00etan; taberna berezi eta pub-ak 02:30etan. Ostirala, larunbata eta festa bezperetan: taberna eta kafetegiak 01:30 eta taberna berezi eta pub-ak 03:30etan.

Urtarrilaren 30etik apirilaren 12ra: igandetik ostegunera: taberna eta kafetegiak 01:00etan eta taberna bereziak eta pub-ak 02:30etan. Ostiral, larunbat eta jai bezperetan: kafetegiak eta tabernak 03:00etan; pub-ak eta taberna bereziak 04:30etan.

 

Bertso antzerkia gaur
Hernaniko Bertso eskolak kale antzerkia egingo du gaur Kaxkoan, goizeko 12:30etatik aurrera. Bertso Latako ekitaldi hau bertan behera gelditu zen eguraldiagatik eta gaur egingo dute, bertsoak eta antzerkia uztartuta.


Argazkigintzan izen ematea astelehenean irekiko da Biterin
Biteri kultur etxeak eskaintzen dituen ikastaroetako bat argazkigintzakoa da. Argazkigintza oinarrizkoa eta sakontzeko ikastaroak ematen dituzte eta sakontzekoan izen ematea datorren astelehenean zabalduko da. Hilaren 22ra arte egongo da izena emateko aukera, Biterin bertan.


Eskola kiroleko partiduak gaur

GAbonetako oporren ondoren ekin diote eskola kirolari gaztetxoek eta gaur partiduak izango dira bai Hernanin eta bai kanpoan. Benjamin talde guztiek, berriz, atletismo proba dute Sagastialden, goizeko 10:30etan.


Zinea Biterin
‘Mystic River’ eta ‘Looney Tunes’
Bi pelikula botako dituzte gaur eta bihar Biterin. Helduentzat Mystic River botako dute gaur 19:30 eta 22:30etan eta bihar 19:30etan (13 urtetik gorakoentzat). Umeentzat, berriz Looney Tunes pelikula botako dute gaur eta bihar 17:00etan.


Pailazoak bihar Astigarragan
Gari, Montxo eta Joselontxo pailazoak izango dira bihar igandea, Astigarragako kultur etxean. Non dago Trukoa? obra egingo dute, 17:30etan.

 

 

JASOTA BEZALA (Kartak):

Otoitza
Eskerrak eman nahi dizkizut, Jauna,
Azken aldian bide okerretik,
Leku ilunetatik eta bekatutik,
Baztertzen lagundu nauzulako,
Baita eskerrak nahi dizkiet
Zure laguntzaile prestuei ere,
Gure herriko tabernariei,
Bide zuzena aurkitzen lagundu nautelako.
Eskatzen dizut arren, Jauna,
Beraien gainean jarri duzun "Argia"
Gal ez dezaten, eta Sanjuanetan,
Tabernetako edariak berriro igo ditzaten,
Bekatuen zuloetan eror ez nadin.
Amen.

Josu Arrieta

Buelta lehenengo orrira