2003 urtea

Urtarrilak 18

Igandea

Alea: 992

Juli Ayerra eta Lurdes Leiber -kioskeroak
“Kioskoan ordurik politenak goizean goizekoak dira, mugimendurik haundiena orduan izaten baita”
Zinkoeneako kioskoak 35 urte daramazki irekita eta Juli eta Lurdes ama-alabak egiten dute lan gaur egun. Jendeak gehiena erosten duena da periodikoak, prentsa arroxa eta kotxe aldizkariak.

Garai batean Plaza Berriko kioskoa bakarrik zegoen Hernanin eta 1968an ireki zituzten, Konde, Lizeagakoa eta Zinkoeneakoa. Juli Ayerraren senarrak ireki zuen Zinkoeneakoa eta Julik berak ere lan asko egin du bertan, batipat emakumezkoentzako pelukeria utzi zuen ezkeroztik. Lurdes Leiber alabak ere urte asko daramazki kioskoan lanean, garai batean laguntzen eta orain eguneroko martxan.

Noiz hasten da kioskeroaren lana?
Lurdes: Goizeko 05:00etan hasten gara lanean eta jaikitzea gogorra egiten da baina ordurik politena hori da. Jende pila bat ibiltzen da gaueko errelebotik datozenak eta lanera dijoazenak elkartzen baitira eta egia esan gauez jende askok egiten du lan. Normalean ordu horretan ibiltzen dugu bazile gehiena, eta musika jarrita eta saltsarako gogoarekin egoten gara askotan. Beste askotan, ordea, inbidia ematen du lana bukatu eta ohera dijoan jendeak.
JULI: Ni 12 urte eta erdian jaitsi naiz goizeko 04:45etan lanera, baina, orain alaba jaisten da ia beti eta ni beranduago etortzen naiz.

Eta ordu horretan jendearekin zer konbertsazio izaten da?
Egia esan nahi baino gutxiago askotan, jendea presaka ibiltzen da eta. Guk katxondeo dezentea ibiltzen dugu eta saiatzen gara adarra jotzen. Beste ordu batzuetan, berriz, tope ibili behar izaten dugu biak, jende asko etortzen baita batera. Baina, dagoeneko jendea ezagutzen dugu eta eskatu aurretik ere jakiten dugu bakoitzak zer eramango duen eta ordu horietan oso azkar egiten da lana.

Zer saltzen zen lehen eta zer saltzen da orain?
1968an 3 egunkari saltzen ziren: Diario, La Voz de España eta Unidad de la tarde. Horrek, ordea, gora egin du poliki poliki eta gaur egun 19 egunkari badira saltzen ditugunak egunkari normal, ekonomiko eta deportekoen artean eta baita aldizkari mordoa ere. Aspaldian kioskoa erabat puztuta daukagu. Gehiena eguneroko prentsa eta kotileoko aldizkariak saltzen dira eta baita kotxe aldizkariak ere.

Herriko parte haundi bat ezagutzera ere iritsiko zineten?
Egia esan jende asko ezagutzen da hemendik. Eta pozik haundiena ematen du klientela nahiko fidela duzula jakiteak. Urtero oparitxo bat egiten diogu klientela finko horri eta orduan konturatzen gara zenbat eta zenbat diren.

Umorea nagusi. Zinkoenea kioskoko ama alabek adarra jotzeko badute halako artea. Inuzente egunean egiten dituztenak sonatuak dira: Deia-ko lehen orria hartu eta barruan periodiko arabiarra sartu, edo 3 hilabete aurreragoko egunkaria saldu, klienteei bizkarrean muinekoak jarri eta abar. Beste ohitura inauterietakoa bihurtu dute, biak mozorrotu egiten baitira. Iaz adibidez Charlestonez mozorrotu ziren eta lanera bidean kioskotik pasa zirenek egin omen zuten nahikoa parre. Aurtengo disfraza ez omen dute pentsatu, edo ez dute esan nahi izan.

 


Ezker abertzalearen ‘Bergarako eskaintza’
Iparragirrek azpimarratu zuen alderdien logika gainditu eta borondate politikoaren beharra


Ezker Abertzaleak abenduaren 16an egindako proposamenari buruz aritu zen Imanol Iparragirre ostegunean Sandiusterrin. Proposamen honen oinarria da martxoaren 14an Espainiako hauteskunde orokorretara autodeterminazioaren aldeko euskal kandidatura bakarra aurkeztea. Horretaz gain, egungo egoera politikoaz ere aritu zen.
Imanol Iparragirrek adierazi zuen egungo testuinguru politikoa ulertzeko bi elementu hartu behar direla kontuan: batetik, Euskal Herriaren etorkizunari buruz irekita dagoen eztabaida. Horren adibide bezala aipatu zituen Ibarretxe plana eta Nazio Eztabaida Gunea. Bestetik aipatu zuen, Espainia eta Frantziako estatuen estrategia errepresiboa.

Indarrak bildu beharra
Testuinguru honetan martxoaren 14ko hauteskundeetan aktiboki parte hartu behar dela adierazi zuen: “hauteskunde hauek erabili egin behar ditugu Estatuari eta errepresioari ezetz esateko eta Euskal Herriari eta autodeterminazioari baiezkoa emateko”. Horrekin batera esan zuen autodeterminazioaren alde urrats praktikoak emateko indarrak bildu egin behar direla eta egungo egoera ausardia politikoa eskatzen duela eta Euskal Herrian gehiengoak autodeterminazioaren alde egiten duela azaldu zuen.

Bilera ugari
Imanol Iparragirrek adierazi zuen Bergaran egindako proposamena alderdi, sindikatu eta eragile sozialei luzatu zaiela, horretarako batekin eta bestearekin bilera ugari eginez. Sindikatuei dagokienean, aipatu zuen oso jarrera positiboa eta irekia izan dutela proposamenarekiko. Bestetik eragile sozialen aldetik jasotako erantzuna izan da gurdi lana alderdi politikoek egin behar dutela. Alderdi politikoei dagokionean Iparragirrek esan zuen EAJk ez duela proposamena onartu eta EAk eta Aralarrek ez dutela erantzun garbirik eman.
Indarkeriaren kondenaren inguruan aipatu zuen, alderdiek aitzakia bezala erabiltzen dutela eta egin beharrekoa dela egoera politikoaren kondena. Bukatzeko azpimarratu zuen alderdien logika gainditu beharra dagoela egoerari aurre egiteko eta horretarako ezin bestekoa dela guztion borondate politikoa.


Ezker Batuak Atxikimendu libreko Federalismoaren proposamena azalduko du bihar Plaza Berrian

EZKER Batua/IU Atxikimendu libreko Federalismoaren proposamena azaltzeko sozializazio kanpaina egiten ari da herriz herri. Ezker Batuaren helburua da “elkarbizitza eredu plural, autogobernua eta autodeterminazio librearen eztabaidei buruz EBk duen proposamena ezagutaraztea”. Ekitaldia Plaza Berrin izango da, arratsaldeko 19:30etan izango da. Hernaniko EB/IUk herritar guztiak gonbidatu ditu proposamena zuzenean ezagutzera.


Txotx jaialdia gaur
Txotx denboraldia gaur hasiko da modu ofizialean Hernanin, plazan egingo den ekitaldiarekin. 11:30etan hasiko da festa txalapartarekin eta 12:00etan Azpeitiko herriari omenaldia egingo zaio.


Martutene aurrean Kontzentrazioa
Gaur Eguerdiko 12:00etan kontzertrazioa egingo da Martuteneko kartzela aurrean, Manu Azkarate libre uzteko eskatzeko. Hernaniko Etxeratek kontzertraziora joateko deia egin du.

Bola
Erregularitatea gaur

GAbonetako oporren ondoren ekin diote eskola kirolari gaztetxoek eta gaur partiduak izango dira bai Hernanin eta bai kanpoan. Benjamin talde guztiek, berriz, atletismo proba dute Sagastialden, goizeko 10:30etan.

Futbola
Hernanik 3-1 galdu

Gorengoak 3-1 galdu zuen atzo Arrasaten. Loranen mutilak ez ziren ondo hasi eta 20garren minuturako 2-0 zijoazten. Bigarren denboran hobeto jokatu dute hernaniarrek, baina ezin ezer onik atera. Arrasate goian dijoa eta Loranek aitortu du latz jokatzen duela.

Iñaki Loiartek jantzi zuen 25garren Ehiza Txapelkeketako txapela
Txantxangorrik antolatzen duen Ehiza Txapelketak 25 urte bate ditu, eta Iñaki Loiartek jantzi du zilarrezko txapela. Txapelketa urte bukaeran izan zen eta ostiralean egin zen sari banaketa Txantxangorrin. Bigarren saria Juan Antonio Berazak jaso zuen eta Asier Arrizabalagak hirugarrena. Laugarren Iñaki Mendizabal gelditu zen. Lau horiek eta Jose Luis Diez beteranoak zonako txapelketa jokatuko dute Adarran 25garren urteurrena zela eta, Txantxangorrik eskopeta bat zozketatu zuen, eta Juan Otaegi izan zen zorionekoa.

Buelta lehenengo orrira