2003 urtea

Urtarrilak 18

Igandea

Alea: 992

“Hau da Hernaniko sagardo berria!”
Joxe eta Xebastian Lizaso bertsolariek zabaldu zuten Txotx denboraldia. Azpeitiko herriak eta hango Tanborradak Hernaniren omenaldia jaso zuten. Jende asko bildu zen, eguraldiak asko lagundu ez bazuen ere.


Hau da Hernaniko sagardo berria esaerarekin zabaldu zuten Lizasok aita-semeak aurtengo sagardo denboraldia. Joxe Lizaso bere ikuitua eman zion “Hau bada Hernaniko sagardo berria edan dezagun lasai” bota zuen. Eguraldi petralak ez zuen ekitaldi ederra zapuztu, eta plaza bete jende bildu zen.
Aurtengo Txotx Jaialdiak Azpeitiko herria eta bertako Tanborrada ere izan ditu protagonista eta biek ere omenaldi beroa jaso zuten. Gidoian hala ez bazegoen ere, ekitaldia hasi aurretik Tanborradak Kaxkoan barrena buelta egin zuen beren doinu eta erritmoekin, eta euriak ere ez zituen atzeratu.
Txalapartak eman zion hasiera ekitaldiari eta ondorenean Maialen Lujanbio eta Aritz Zerainek bertsotan eman zioten ongi etorria sagardo denboraldi berriari.

Azpeitirako gonbitea
Joxe Felipe Auzmendi aritu zen aurkezle lanetan eta, Hernani eta Azpeitiako Alkateei eman zien hitza, Joxan Rekondo eta Julian Eizmendiri. Rekondok oroigarria eman zion Hernaniren izenean eta Eizmendik Azpeitia eta Hernaniren arteko harreman estua azpimarratu zuen. Bere hitzetan, Azpeitia ere herri sagardozalea da. Elkarte eta txoko askotan dituzte kupelak eta Hernanitik sagardo asko eramaten da Azpeitira. Era berean, Azpeitia bisitatu eta bertako jaietara gonbidatu zituen hernaniarrak.
Tanborradako arduradunak Simon Etxeberriaren eskutik jaso zuen oroigarria, eta Lizaso aita-semeek Maialen Lujanbio eta Zerainen eskutik. Lizasotarrek (iloba ere etortzekoa zen eta saio bat zuen) bertso banarekin eskertu zuten detailea eta dantzariek agurra dantzatu zieten guztiei. Ekitaldiaren ondoren, bazkaria izan ziren Itsasburu sagardotegian.


Alzheimerra eta buruko beste gaixotasunen inguruko ikastaroa gaur hasiko da

Lahar elkargoak alzheimerra eta buruko antzeko gaixotasunei buruzko ikastaroa gaur hasiko du Biterin. Ikastaroa gaixotasun horiek dituzte pertsonekin dabiltzanei begira antolatua dago batez ere. Ikastaroan 16:00etatik 19:00etara da, gaurtik asteazkenera eta datorren astelehen eta asteartean. Kurtsoa debalde da eta eskatzen dena da hasieratik bukaerara joateko konpromisoa.


Xakea
Hernani fuerte Gipuzkoako Ligan

Hernaniko bi talde ari dira Gipuzkoako Ligan jokatzen eta orain arte fin dabiltza. Hernani A taldeak bitik bi irabazi ditu. Larunbatean 2,5-1,5 irabazi zion Errenteriako Fomento taldeari, eta aurreko asteburuan berriz 3-1 gailendu zen.
Larunbateko partiduan, Fernando Esnaolak eta Gerardo Plazak irabazi egin zuten, Jesus Navascuesek tablak egin zituen eta Mikel Apezetxeak okerreko mugimendu bategatik galdu zuen. Hernani A iaz igo zen Gipuzkoako lehenengo mailara eta gustora dago orain arteko lanarekin.
Hernani Bk ere irabazi egin zuen larunbatean Irungo Lasalleren kontra, 3-1. Iñaki Zabala, Joxe Angel Ijurjo eta Txema Orillanak irabazi egin zuten, baina, Ioritz Ossisek ezin izan zuen arratsaldea borobildu.
Datorren asteburuan, Hernanik A-k Fortunaren kontra jokatuko du Hernanin. Bigarren taldea Grosen kontra arituko da, kanpoan.


Bertso antzerki jendetsua Karkabako plazan
Iraulio bertso taldeak larunbatean egin zuen Bertsolatan atzeratutako kale antzerkia. Antzerkiaren argumentua protekzio ofizialeko etxe promozio baten ingurukoa zen eta jende pila haundia bildu zen ikusi eta gozatzera. Lujanbio, Urdangarin, Zelaia, Arano, Agirre anaiak, Estitxu Eizagirre Tolosa eta Zerain aritu ziren bertsotan antzezle lanetan. Etxebizitzaren arazoa ez ezik, lan baldintzen inguruko esketxak eta inmigranteei buruzkoak ere izan ziren. Dekoratua ere ez zegoen nolanahi osatua: andamio, karretilla, igeltseritzako erramintak... Etxeen zozketa loteriako umeen tankeran kantatu zutenekoa izan zen jendeak gehiena gozatu zen uneetako bat. Bukaeran publikoak gogotik txalotu zuten irauliotarren lana.

Boleibola
Mutilek irabazi eta neskek galdu

Asteburu gazi-gozoa izan da Hernaniko boleibolarentzat, bai behintzat emaitza aldetik, joko aldetik ona izan bada ere. Mutilen taldeak errez irabazi zion Bilboko Rekalde taldeari, 3-1, etxean. Jokoak: 25-19, 25-16 eta 25-17. Nesken taldeak ere partidu ona jokatu zuen Sestaon, 3-0 galdu arren. Jokoak 25-15, 25-22 eta 25-17.

Errugbia
Hernanik 11-22 irabazi zuen

GAbonetako oporren ondoren ekin diote eskola kirolari gaztetxoek eta gaur partiduak izango dira bai Hernanin eta bai kanpoan. Benjamin talde guztiek, berriz, atletismo proba dute Sagastialden, goizeko 10:30etan.

Ezker Batua
Proposamen politikoa gaur Plaza Berrian

Ezker Batua Atxikimendu libreko Federalismoaren proposamena azalduko du gaur Plaza Berrian. Alderdi hori Euskal Herri osoan sozializazio kanpaina egiten ari da eta bere helburua da jendeak propoasmen hori lehen eskutik ezagutzea. Azalpena, arratsaldeko 19:30etan izango da.

Tabernetako bertsolarien txapelketa gaur
Orain dela 10 urte San Sebastian bezpera egunez Tabernetako bertsolarien txapelketa jokatu zen. Gaur hamargarren txapela egongo da jokoan. Izenak berak esaten duen bezala, tabernetan bertsotan aritzen ziren (eta diren) bertsolariak biltzen ditu txapelketa honek, eta bai mailaz eta bai giroz inoren inbidiarik gabeko saioak atera izan dira. Gaur ere sei bertsolari arituko dira kantuan: Jon Altuna Oxan, Xabier Santamaria Xanta, Iñaki Petxarroman, Aitor Barrenetxea, Takolo eta Mikel Lujanbio Xapo. Saioa, 22:30etan Garinen.

Buelta lehenengo orrira