2003 urtea

Urtarrilak 2

Ostirala

Alea: 978

‘Kardaberaz oroituz’ jardunaldiek Hernanin jaiotako idazle eta misiolarira hurbildu ditu herritarrak
Astelehen eta asteartean egin ziren jardunaldietan hiru hitzaldi eman zituzten, Jerardo Elortzak, Joseba Zuazok eta Juan Madariagak. Kardaberazen lanaren balioaz eta testuinguru historikoaz aritu ziren hizketan.

Kardaberaz idazle eta misiolari hernaniarra gogoratzeko jardunaldiak izan dira aste honetan, Eusko Ikaskuntzak eta Hernaniko Udalak antolatuta. Agustin Kardaberaz jaio zela 300 urte bete ziren pasa den igandean eta haren omenezko plaka jarri dute bera jaio zen etxe atarian. Plaka Iñaki Saralegik egina da.

Kardaberazen testuinguru historiko eta kulturala
Astelehenean hitzaldia izan zen Biterin Jerardo Elortza, Mondragon Unibertsitateko irakaslearen eskutik eta Kardaberazen garaiko kultura eta hizkuntzaz aritu zen. Jerardo Elortza XVIIIgarren mendeari buruz aritu zen, Kardaberaz jaio eta bizi izan zen mendeaz, eta mende gorabeheratsua izan zela azaldu zuen: dinastia aldaketa eta foruen aurkako erasoak mende hasieran eta Frantziako Iraultzaren eragina mende bukaeran. Testuinguru historiko honetan, XVIIIgarren mendean Hego Euskal Herrian, euskeraren susperraldia gertatu zela adierazi zuen Elortzak eta Kardaberazek garai honetan ekarpen haundiak egin zituela azpimarratu zuen. Kardaberazekin batean egon ziren Larramendi eta Mendibururi buruz ere aritu zen.
Asteartean bi hitzaldi izan ziren, aurrenekoan Joseba Zuazo, EHUko irakaslea, aritu zen hizlari eta Kardaberaz Gipuzkoa, Euskal Herria eta Europa mailako garaiko ideietan kokatu zuen: erromako klasikotasuna, kristautasuna, ilustrazioa, hizkuntza eta identitatea bezalako ideiak esaterako.
Bigarren hitzaldia Juan Madariagak, Nafarroako Unibertsitateko irakasleak, eman zuen eta Kardaberazek kontraerreforen mezua euskaldunei zabaltzen egin zuen lanaz aritu zen, hizkuntza eta kulturaren arteko batasun haundirik ez zegoen garai hartan.


Lau errugbilari hernaniar selekzioan
Hernaniko Errugbi taldeko 3 jubenil eta kadete bat Espainiako selekzioko frogak egiteko deitu dituzte. Urtarrilaren 1etik 5era egin beharko dituzte frogak Zaragozan.

Hernaniko Errugbi taldeko lau jokalari deitu dituzte Espainiako selekzioan sartzeko frogak egiteko. Lau jokalari horietatik hiru jubenil mailakoak dira: Garikoitz Sarriegi, David Pelaz eta Mikel Orbegozo. Laugarren jokalaria, Jon Apaolaza, kadete mailakoa da. Jokalariek esandakoaren arabera jende asko deitzen dute frogak egiteko baina gero 25 jokalari aukeratzen dituzte selekzioko ekipoa osatzeko. Frogak urtarrilaren 1ean, atzo, hasi zituzten Zaragozan eta urtarrilaren 5era arte iraungo dute. Gehien bat froga fisiko eta teknikoak izango dira eta jokalariek adierazitakoaren arabera ez dute beren burua bereziki prestatu proba hauetarako.

Hernaniko taldeak ondo
Hernaniko errugbi taldeei begira momentu onean daudela adierazi dute jokalariek: kadete eta jubenilak aurreneko daude klasifikazioan eta seniorretako lehenengo taldea bigarrena doa. Giroa ere oso ona dela diote baina jende gehiago eskertuko lukete taldeak osatzeko.


Mus Txapelketa Osiñagan
Simon Etxeberria eta Isidro Pagola txapeldun

Osiñagako 13garren mus txapelketa jokatu berri da Eizmendi Sagardotegian eta Simon Etxeberria Otsuenekoa eta Isidro Pagola Txabolategikoa gelditu dira txapeldun. Bigarren Joxe Angel Etxeberri Otsuenekoa eta Xabier Etxeberria lehengusua gelditu dira; hirugarren Jose Mª Mujika aita semeak; eta laugarren Pello Gorrotxategi eta Jose Luis Toledotxiki. Bestalde, auzoak zozketatzen duen saskia Etxe Alaiko Aitor Lasagabaster eta Dori Korrearentzat izan da.


Hernaniarrak ondo mahai tenisean

Mahai teniseko torneo piramidala jokatu da asteburuan Irunen eta hernaniar koadrila izan da. Kategoriaka bereizia dago txapelketa eta bakoitzean azkena geratzen direnek galdu egiten dute kategoria eta lehenengoek bat gora igo. Kategoria nagusian, Aitor Mitxelenak eutsi egin dio mailari eta Aitor Valverdek lortu egin du lehen mailatik nagusira igotzea, partida guztiak irabazita. Bestalde Zuhaitz Irastorzak lehen mailari eutsi dio eta Gorka Gereñu mailaz jaitsi da. Txema Armentia eta Iñaki Garcia bigarrenetik lehen mailara igo dira eta Urtzi Kalonje eta Iker Labarga bigarren milara jaitsi dira. Aitor Odriozola bigarren mailara igo da hirugarrenetik.
Bestalde, ligan, 2garren maila nazionaleko taldeak irabazi egin dio Herri Txantreari asteburuan eta azken postua utzi egin dute. Bigarren buelta hastekoa dute orain eta Hernanik mailari eusteko borroka egin beharko du. Horrez gain, gaur hasiko dira Abadiñon Euskadiko Txapelketak, eta nola ez, hernaniarrek bertan hartuko dute parte.

Saskibaloi torneoa Atletikorentzat
Askatuak, Atko UPV, Beasain eta Iraurgik saskibaloi taldeek jokatu dute Hernanin egin den saskibaloi torneoa. Finala joan den asteartean jokatu zuten Atletikok eta Beasainek eta Atletikok nahiko erraz irabazi zien goierriarrei 97-64. Partidu polita izan zen, baina, hirugarren laurdenetik aurrera Atletiko izan zen nagusi. Antolatzaileak oso gustora daude jendearen erantzuna eta torneoaren mailarekin.

Autobusak Bilboko manifestaziorako
Presoen sakabanaketaren kontrako manifestazioa dago bihar Bilbon eta Hernanitik autobusak aterako dira. Txartelak Garin tabernan.

Loteria
Jubilatuetakoa, La Caixan
Jubilatu Etxeak jakin arazi du Gabonetako Loteria tokatu zaienek La Caixan dutela kobratzeko aukera, urtarrilaren 7 eta 8an. La Caixa arratsaldean irekiko dute bi egun horietan Loteria kobratu ahal izateko.

Sagardo Kofradioakoa, Kutxan
Sagardo Kofradiako loteria Plaza Berriko kutxan kobratu behar da hilaren 7tik aurrera, asteartetik ostegunera, goizeko 08:15etatik 10:30etara (ez arratsaldean, aurreko Kronikan zioen bezala).

Txirta
Plater tiroko Gipuzkoako Txapelketa
Iaz Luis Mari Zelarain hernaniarrak irabazi zuen plater tiroko Gipuzkoako txapelketa eta berak Txirtari eman dio aurtengoa antolatzeko ardura. Txirtak bidalitako prentsa oharrak dioenez, Txantxangorriri esan dio Santa Barbaran egin nahi duela eta espero du hori lortzea. Hala ere, Txirtak dio Txantxangorri ukatu izan dela aurreko urteetan Gipuzkoako Txapelketa Santa Barbaran egitera, 1997, 2001ean eta 2002an. Urte bateko txapelketa irabazten duenak izaten du hurrengo urtekoa non egingo den erabakitzeko aukera eta Luis Mari Zerain eta Ion Azpiazu dira hiru urte horien aurrekoetan irabaziak. Txirtak dio espero duela “urte berriak jarrera aldaketak ekarriko dituela” eta txapelketa Santa Barbaran egiteko aukera izango dutela.

Gazte Txokoa
Urtarrileko egutegia
Gazte Txokoak ekitaldiak egiten ditu hilero eta urtarrilerako ere antolatu du denbora pasarako hamaika ekitaldi. bihar urte berriko bazkaria izango da, 13:00etan eta 2 eurotan. datorren astean Play Stationekin jokatzeko aukera izango da eta hilaren 9an eskalatzera joango dira. Horrez gain, badaude: hilaren 16an, pultsera tailerra; 17an, Txuri Urdinera irteera; 25ean, Zinera irteera; 30ean, ispilu tailerra, topaguneak eta abar.

Inauteriak
Kartel lehiaketa urtarrilaren 9ra arte
Udalak datozen Inauterietako kartel lehiaketa antolatu du eta hilaren 9a baino lehen entragatu behar dira proposamenak, Biteri kultur etxean, 18:00etatik 20:00etara. Kartelak Hernaniko Inauteriak 2004 goiburua beharko du eta tamaina da: 44 zm altu eta 38 zm zabal. Sari bakarra izango da, 300 eurokoa.

Jaiak
Udal zerbitzuak itxita
Urte zahar egunetik hilaren 7ra arte itxita egongo dira Udaletxea bera, Udal liburutegia eta kiroldegia.

Zinea Biterin
Matrix
Matrix pelikula botako dute gaur Biterin, 22:30etan.

Buelta lehenengo orrira