2003 urtea

Urtarrilak 21

Asteazkena

Alea: 994

Ruper Ordorika kantariak kontzertua emango du larunbatean kiroldegian
Larunbatean aurkeztuko dute Sagarrondotik ekimena Donostian eta Ruper Ordorikaren kontzertua izango da aurreneko ekitaldia. Otsailaren 27-28an kontzertuak izango dira, tartean Fermin Muguruza.

Ruper Ordorika kantari ezagunak kontzertua emango du Hernanin larunbatean, Sagarrondotik ekimenaren aurkezpen gisa. Kontzertua kiroldegian izango da, gaueko 22:30etan. Sarrerak Bodega eta Kitto tabernetan eta Lete Liburu dendan daude salgai.
Sagarrondotik jaia, ordea, aurten ez da Hernanin bakarrik izango eta sagardoaren lurraldea osatzen duten herrietara zabalduko dute. Ekitaldiak otsailaren 26, 27, 28 eta 29an egingo dira. Hernanin otsailaren 27an eta 28an, ostiral eta larunbatean, musika kontzertuak izango dira: Fito&Fitipaldis, Orisha´s, Fermin Muguruza& Kontrabanda eta Ojos de brujo taldeak arituko dira, besteak beste. Antolatzaileek kontzertuetara milaka gazte biltzea espero dute.

Sagardoaren mezulariak
Sagarrondotik ekimenak Realeko futbol taldeari emango dio Sagardoaren mezulariak oroigarria, Urnietako Saroben egingo den ekitaldian. Usurbilen berriz, herri kirolak egingo dira Hernani, Urnieta, Astigarra eta Usurbilen artean. Eta azkeneko egunean, sagardo probaketa eta euskal produktuen azoka izango dira. Ekitaldian, txistulari, dantzari eta bertsolariak ere arituko dira.


Atletismoa - Gipuzkoako Kross txapelketa
Itziar Urdangarin Gipuzkoako Txapeldun
Korrikalari hernaniarra Iratxe Aranbururen aurretik sartu zen. Rosi Talaverak laugarren egin zuen.

Itziar Urdangarin korrikalari hernaniarrak Gipuzkoako kross txapelketa irabazi zuen igandean Zestoan. Urdangarinek (Goierri-Garaia) 20:59-ko denbora egin zuen eta 11 segundo kendu zizkion Iratxe Aranburu atletari. Ia karrera osoan Aranburu zarauztarra aritu zen aurrean erritmoa jartzen, baina, ez zuen lortu hernaniarra atzean uzterik. Helmugarako kilometro bat falta zela Urdangarinek jo zuen atakea eta bakar-bakarrik iritsi zen metara. Rosi Talavera hernaniarra ere aurrean ibili zen eta laugarren postuan sartu zen Portukoa.
Gipuzkoako txapela irabazita, Urdangarin gustora zegoen eta esan zuen garaipen horrek moral haundia emango diola Espainiako txapelketan sartzeko. Horixe izango du hurrengo helburua.


Martzelino Agirre onena Benta Berrin, eta Burugain hernaniarretan aurrena
Agirre segurarrak 46 brila bota zituen eta lider jarri da Erregularitatean. Lehenengo hernaniarra Miguel Burugain izan zen 40 brilarekin.

Erregularitateko lehen tiraldia izan zuten joan den igandean Floridako Benta Berriko bolatokian. Martzelino Agirre segurarra izan zen onena, 46 brila botata; bigarren eta hirugarren, Bizente Zuloaga aiarra eta Antonio Goenaga altzarra gelditu ziren, 45na brila botata. Lehenengo bolari hernaniarra Miguel Burugain izan zen eta bosgarren egin zuen 40 brilarekin. Burugainen ondoren Antonio Miner ereñotzuarra gelditu zen, bera ere 40 brilarekin. Hernaniarretan hirugarren Miguel Arrospidek egin zuen, 38 brilarekin eta 12garren postuan

Txapelketa nagusia
Erregularitatea izaten da urteko txapelketa nagusia eta 11 tiraldi izango dira aurten. Guztira brila gehiena botatzen dituenak irabaziko du txapelketa. Iaz German Gereñu legazpiarrak irabazi zuen eta Migel Burugain izan zen hernaniarrik onena 7garren postuan. 2002an, berriz, Antonio Alustiza zeraindarra gelditu zen txapeldun eta Joxe Ugalde izan zen hernaniarrik onena, 5garren postuan.
Datorren igandean izango da erregularitateko bigarren tiraldia, Seguran eta otsailaren 8an Ereñotzun da hirugarrena.


Hernanin ere egin zen danborrada

San Sebastian inguruko festak ez ziren Donostian bakarrik somatu, Hernaniko ikastetxeetan ere girotu baitzuten jaia. Astelehenean esaterako, Elizatxoko haurrek ederki astindu zituzten makilak. 3 urtetik 12 urtera bitarteko 300 ume baino gehiago elkartu ziren ikastetxeko patioan eta Sarriegiren martxak jo zituzten zuzendari eta guzti, eta gurasoen begiradapean.


Gobernu Batzorde berezia gaur
Udalak Gobernu Batzorde berezia egingo du gaur arratsaldeko 17:00etan. Gobernuak Akarregi eta Epeleko poligonoetako konpentsazio proiektuak onartu litzake gaur. Horretaz gain, beste hiru eskaera ere aztertuko ditu Udalak: 1) Oronak aurkeztutakoa Epelen SUE.31/2an eraikuntza legeztatzeko, 2) Elizatxon zakur tokia jartzeko eskaera eta 3) Ibaiondon Tratamiento Residuos SL enpresaren aktibitate lizentzia kaldereriarako.

Euskera Zerbitzuak 2004rako egitasmoa aurkeztuko du gaur
Udaletxeko Euskera Zerbitzuak 2003ko memoria eta 2004ko egitasmoa aurkeztuko ditu gaur, Euskera Batzordean. Puntu horrez gain, beste 4 puntu ere tratatuko ditu Batzordeak: AEKri ikasturterako dirulaguntza, Udal barrurako euskera plana, uztaileko Udalekuak eta Behatokiaren dirulaguntza eskaera.

Pedro Kano ‘Pitu’ epaituko dute gaur eta bihar
Pedro Cano Pitu hernaniarra gaur eta bihar epaituko dute Madrileko Audientzia Nazionalean. Hernanitik joanda, Pedro Canoren senide eta lagunak Madrilen izango dira babesa emateko.

69 odol emaile urtarrilean
Urtarrilean hirurogeita bederatzi pertsonak eman dute odola Hernanin, eta horietako bost donante berriak izan dira. Azken bi urteetan segidan odol ematea jaisten ari da eta Odol Emaile Elkarteak deia egin dio jendeari, batez ere gazteei donante egiteko. Odol ematea hileko aurreneko asteartean izaten da Hernanin.

Waterpoloa
Hernani Ak irabazi etxean eta Hernani Bk galdu Iruñan
Hernani A lider dijoa Euskal Herriko ligan eta Hernani B bosgarren postuan dijoa, zazpitik.
Hernaniko waterpoloko bi ekipok izan dute partidua asteburu honetan. Hernani Bk larunbatean jokatu zuen Iruñan Pamplonaren kontra eta emaitza izan zen, 25 eta 4 Iruñakoen alde. Taldekideek adierazi dutenez larunbatean jokalari gazteenak probatzeko partidua izan zen, baina, Iruñako taldea fin dabil aurten eta ez zuen barkatu.

Hernani A sendo
Hernani Ak, igandean jokatu zuen Azpeitiko Izarraitz taldearen kontra kiroldegian. Etxekoek erraz irabazi zuten 17 eta 3. Hernaniko ekipoak ondo jokatu zuen eta ez zion utzi garaipenari alde egiten, izan ere Izarraitz ekipo gaztea da eta ez dute oraindik beren joko puntua aurkitu. Hernanik lider jarraitzen du Euskadiko 2garren mailan.

Errege kabalgata
Kabalgatako komisioak eskerrak eman ditu
Kabalgatako antolatzaileek eskerrak eman dizkie ekitaldian parte hartu eta lagundu duten guztiei. Kabalgatako batzordeak Udala, Gas Hernani eta finantza erakundeak eskertu ditu, eta baita Musika Banda, Txistulariak, Iturritxo Auzo elkartea, Balbi Altzari denda eta Kepa Karrozeriak ere. Era berean, hainbat herritarren laguntza ere eskertu du. Kabalgatako batzordearen esanetan, “pozgarria izan da aurtengo Errege Kabalgatari herritarrek eman dioten erantzuna”.

Zapatismoari buruzko jardunaldiak
‘Zapatistas, crónica de una rebelión’ bihar
Zapatismoari buruzko jardunaldien barruan, bihar, osteguna, Zapatistas, crónica de una rebelión dokumentala botako dute Andragoton, arratsaldeko 20:00etan.

Tiro txapelketa
Txirtak Txantxangorriko zuzendaritzaren jarrera salatu du
Txirta elkarteak adierazi du Txantxangorriri eskaria egin ziola Gipuzkoako Tiro Txapelketa antolatzeko. Txirtak adierazi duenez, Txantxangorriren erantzuna izan da eskaera karta txikituta bueltatzea. Txirtaren esanetan, ez da Hernaniko elkarteen ohitura ez horrelako tratua ematea eta ezta jasotzea ere, eta Txirtak espero du Txantxangorriko bazkideek lehenbailehen aldatuko dutela beren zuzendaritza. Txirtaren ustez, Txantxangorriko bazkideek jakinaren gainean egon beharko lukete zuzendaritzak azken aldian zer egin dituen, eta kontuak eskatu. Era berean, Txirtako lehendakariaren iritziz, horrelako egoera berriz ez gertatzeko batzarrak zorrotz jokatu beharko du.

Buelta lehenengo orrira