2003 urtea

Urtarrilak 22

Osteguna

Alea: 995

380 etxe berri Antziola inguruan
Antziolako bidearen bi aldeak zona erresidentzial haundia bihurtuko dira gutxi barru.

Antziolako bideko bi aldeetan 380 etxe egingo dira urteotan (atletismo pista ingurukoak kontatu gabe), eta Hernaniko zona erresidentzial garrantzitsuetako bat izango da aurrera begira. Schoroeder fabrika zaharra zegoeneko horretan orain dela ia bi urte bukatu zituzten 84 etxe (Gunea garagardotegia eta ELAko egoitza dauden horretan).
Puig-en, 84 etxe egin zituzten iaz Antziolako rekta eta atletismoko pista tarte horretan. 64 etxe promozio librekoak ziren eta 36 babes ofizialekoak. Udazken aldera hasi zen jendea sartzen eta orain dela gutxi bukatu dituzte urbanizazio eta jardineritza lanak.

Babes ofizialeko 90 etxe aurten entregatzekoak
Puig ondoan, -eta Antziolako bide kontran- Babes ofizialeko promozio bat egiten ari dira. 90 etxe egiten ari dira eta zozketa egina dago. Proiektuen arabera, etxe horiek aurten bukatu eta entregatuko dituzte.

Montesen, 120 etxe
Antziolan dijoan beste promozio haundi bat Montes kurtidora zegoeneko horretakoa da. Denera, 120 bizitza egiten ari dira, eta horietatik 14 dira babes ofizialekoak.

Establezimenduak
Azken urtebete honetan establezimendu berriak ere zabaldu dira inguru horretan, zerbitzu, ostalaritza eta merkataritzakoak. Oraingoz, bost zabaldu dituzte.

Bide berria
Zona erresidentzialarekin batera, bide berriak ere egin dira. Orain Latsunbe kaletik Puig-era sartzeko bide zuzena dago, Villa Ave Maria paretik barrena. Kale horretatik Karmelo Labakara iritsi liteke. Gainera, Karmelo Labaka norabide bakarrekoa da orain.

380 etxetatik
140 babes
ofizialekoak dira

 

 

 


Atxikimendu Libreko Federalismoa: Euskadiko eta Estatuko etorkizuna eraikitzeko proposamena aurkeztu du Ezker Batuak
Estatuko herri guztien arteko akordioa eta Estatu Errepublikarra eta Solidarioa bultzatzen ditu. Herritarrek parte hartuko duten demokrazia zuzenaren alde egiten dute.

Ezker Batuak Atxikimendu Libreko Federalismoari buruzko informazio mahaia jarri zuen astelehenean Plaza Berrian. Atxikimendu Libreko Federalismoari buruzko sensibilizazio kanpaina egiten ari da eta helburua da herritarrek lehen eskutik ezagutzea Ezker Batuak egiten duen proposamen politikoa.
Ezker Batuak adierazi duenez, Atxikimendu Libreko Federalismoa proposamen politiko zabala da eta herrien etorkizuna askatasunean erabakitzeko eskubidea onartzen du. Proposamenak Estatuko herri guztien arteko akordioa bilatu nahi du eta herrien artean Estatu Errepublikar eta solidarioa eraiki nahi du.

Autogobernu gehiago
Ezker Batuaren proposamenak dio herritarrek erabaki behar dutela zeintzuk izango diren Euskadin momentu bakoitzean hartuko diren konpetentziak eta zeintzuk utzi edo konpartituko diren. Autogobernuari buruz dio, Atxikimendu Libreko Federalismoak gizarte honen nahiari erantzuten diola, autogobernu gehiago eta herrien eta hauek ordezkatzen dituzten instituzioen arteko elkartasuna bilatzen duelako. Proposamenak demokrazia zuzenaren alde egiten du eta azaltzen du herritarrei interesatzen zaizkien gai guztietan herritarrek berek dutela azken hitza. Bide horretan erreferendumak eta herri kontsultak garrantzitsuak direla dio.
Horrekin batera esaten du, proposamenak ulertzen duela Euskal Herrian bizi diren guztiak euskaldunak direla, jatorri eta ideologia kontuan hartu gabe.

Indarkeriari buruz
Indarkeriaren inguruan Ezker Batuak dio, proposamenak Demokrazia eta Giza Eskubideak bermatzen dituela eta bortxakeria baztertzen duela bai Euskadin eta bai munduan. Bide horretan “giza duintasunaren aurka doazen ekintza guztiak” kondenatzen ditu.

Gizarte arloan
Gizarte arloan Ezker Batuak dio proposamenak aberastasunak zuzen banatzearen alde egiten duela eta dio apustua egiten duela garapen jasangarria eta emakume eta gizonen arteko berdintasunean oinarritzen den ekonomiaren alde. Honekin lotuta, proposamenak Gizarte Segurantza Publikoaren alde egiten du, “Estatu espaiñoleko hiritar eta herritarrentzako komuna dena eta pertsonen beharrekin bat datorrena”.


Eskola Kirola

Atletismo probak egin zituzten. Eskola Kirolaren barruan atletismo probak egin zituzten aurreko larunbatean Antziolako pistan. Saltoa, korrika eta abar egin zituzten.

 

‘Bowling for Colombine’ pelikula gaur Biterin
BITERIN ostegunetan zine kluba jarri dute, eta gaur Bowling for Colombine dokumental sonatua botako dute. Zuzendariak, Michael Moore, dokumentalean galdera bati erantzun nahi dio: Estatu Batuetan zergatik du jendeak armak edukitzeko beharra eta antsia? Galdera horri erantzuteaz gain Estatu Batuei kritika ere egiten die. Dokumentalak Oscar saria irabazi zuen pasa den urtean eta Cannes zine festibaleko saria ere jaso zuen 2002an. Dokumentala gaur botako dute gaueko 22:00etan.

Bizkarreko minari buruzko hitzaldia
Gaur bizkarreko minari buruzko hitzaldia emango du Michel M. Marmier medikuak Jubilatu Etxean, elkarteak berak antolatuta. Marmierrek bizkarreko minik ez izateko zer egin esplikatuko du. Jubilatu Etxeak adierazi du interes haundiko gaia dela, batez ere adin horretako jendearentzat. Hitzaldia ostegun arratsaldeko 19:30etan izango da.

Kriskitiña dantza taldeak bilera du bihar
Kriskitiña dantza taldeak bilera egingo du bihar, arratsaldeko 19:00etan Aristizabalgo lokalean, eta elkartekide guztiei dei egin diete azaltzeko. Bileran ekintza eta kontuen balantzea egingo da eta junta bukaera anuntziatu eta lehendakari hautagaien zerrenda osatuko dute.

Pedro Canoren ‘Pitu’ren kontrako epaiketa atzeratu egin da
Pedro Cano Pitu hernaniarra epaitzekoa zuten atzo eta gaur Madrilen, baina, defentsako abokatuak epaiketa atzeratzea eskatu du eta otsailaren 16, 17 eta 18ra atzeratzea onartu du Fiskalak.

Mahai Tenisa
Hiru zita pasa den astebukaeran
Zuhaitz Irastorza, Ion Iartza eta Txema Armentiak jokatu zuten Aragoiko CAI Santiagoren kontra eta emaitza 4 eta 2 izan zen Aragoiko taldearen alde. Bestetik, Gipuzkoako ligako igoera fasea igandean jokatu zen eta Hernanik aurreneko postua lortu zuen, Etxadi Bren kontra 6 eta 1 irabazita. Bertan jokatu zuten Hernaniko jokalariak izan ziren: Urtzi Kalonje, Iker Labarga eta Zuhaitz Irastorza. Larunbat goizean Gipuzkoako eskola arteko txapelketa jokatu zen eta Langile ikastolako 4 jokalariek aurreneko postuak lortu zituzten: aurrenekoa Kepa Murugarren, bigarrena Iñigo Morcillo, hirugarrena Mattin Izagirre eta laugarrena Vincent Langara.

Mendiriz Mendi
Eskiatzera asteburuan
Mendiriz Mendik Cauterets-era eskiatzera joateko asteburu pasa antolatu du. Fondo eta alpinoa egiteko aukera egongo da. Irteera gazte eta helduentzat da eta prezio ezberdinak dituzte. Gaur da izena emateko azken eguna.

Zapatismoari Buruzko Proiekzioak
Dokumentala gaur
Zapatistas, cronica de una rebelion dokumentala botako dute gaur Andragoton, 20:00etan.

Mikel Lujanbio ‘Xapo’ txapeldun
TAbernetako Bertsolari txapelketa jokatu zen San Sebastian bezperan eta Mikel Lujanbio Xapok irabazi zuen hamargarren txapela. Xaporekin batera, Jon Altuna Oxan, Xabier Santamaria Xanta, Iñaki Petxarroman, Aitor Barrenetxea eta Takolo aritu ziren kantari, Mikel Arrietaren gaiei erantzuten. Bertsolariek saio polita egin zuten eta publikoak bapo gozatu du aurten ere.

Javi Ruizen kontzertua gaur Kixkalen
Javi Ruizek kontzertua emango du gaur Kixkal tabernan, gaueko 22:00etatik aurrera. Ruizek gitarra jotzen du eta Sabina, Serrat eta beste hainbat kantari famaturen kantak joko ditu. Horrez gain, txiste kontatzen eta umorea jartzen ere artista da eta denetik ikusteko aukera izango du inguratzen denak.

Buelta lehenengo orrira