2003 urtea

Urtarrilak 23

Ostirala

Alea: 996

Itziar Urdangarin -Korrikalaria eta Gipuzkoako Kross txapelduna
“Gipuzkoako kross txapelketa irabazteak animuak eman dizkit zerbait gehiago lortzen saiatzeko”
Denboraldi honetan bi garaipen lortu ditu Itziar Urdangarinek: Amsterdameko maratoi erdia eta Gipuzkoako kross txapelketa. Espainiako krossa du hurrengo helburua, eta aurreneko 20etan sartu nahi du.

Itziar Urdangarin korrikalari hernaniarrak aurrena egin zuen Gipuzkoako kross txapelketan pasa den igandean. Urdangarinek azkeneko kilometroan aurre hartu zion Iratxe Aranbururi, karrera osoan lehenengo postuan zijoanari. Gipuzkoako txapelketa irabazteak animu haundia eman dio. Gustora dago daraman progresioarekin. Gauez lan egin eta ohera sartzerako entranatzera joaten da. Profesional izatea gustatuko litzaioke, baina, oso zail ikusten du.

Nola baloratu duzu Gipuzkoako krossean lortutako garaipena?
Karrera honetarako hiru hilabetez entrenatu dut eta egia esan ez nuen irabaztea espero, nere asmoa postu on bat lortzea baitzen. Karreran oso ondo ibili nintzen eta karrera ere ondo bukatu nuen eta horrek pentsarazten dit banuela emateko gehiago. Beldurra ere baneukan, Iratxe Aranburu oso indartsu dabilelako. Entrenatzaileak esan zidan distantziak mantentzeko eta azkeneko kilometroan inda
rrak bildu eta Iratxeri aurrea hartzea posible zela ikusi nuen.

Zein da atletismoan egin duzun ibilbidea?
Korrika egiten 9 urte nituela hasi nintzen Hernaniko taldearekin. Ondoren 25 urterekin nere auzoko gizon batek korrika egitera animatu ninduen eta biak Zarautzen bikoteka egiten den karrerara animatu ginen. Ondoren Goierri-Garaia ekipoak bertan sartzeko proposamena egin zidan. Goierri-Garaian egin nuen lehenengo urtea nahiko gorabeheratsua izan zen baina, aurten serio ari naiz entrenatzen.

Pozik al zaude egin duzun progresioarekin?
Bai, oso pozik nago. Ekipoan hasi nintzenean atzean ibiltzen nintzen eta pixkanaka-pixkanaka hobetzen joan naiz.

Denboraldi honetan zein karreratan ibili zara?
Denboraldi hasieran Amsterdameko maratoi erdia egin nuen eta aurreneko postua egin nuen, 01:20ko denbora eginda. Karrera ondo bukatu nuen eta konturatu nintzen gehiago ere banuela emateko. Horrek denboraldia serio hartzeko animua eman zidan.

Zein helburu dituzu hemendik aurrerako?
Euskadi eta Espainiako krossetara presentatu nahi dut eta nere helburua da Espainiako krossean aurreneko 20 postuetan geratzea. Azkoiti-Azpeitiko maratoi erdira ere joateko asmoa dut.

Maratoiak egiteko asmorik?
Orain arte maratoi erdiak egin izan ditut eta baliteke maratoietarako ere prestatzen hastea. Honekin lotuta esan behar dut maratoietara prestatu gabe aurkeztea sekulako akatsa dela, txarra delako bai buruarentzat bai gorputzarentzat. Oso ezberdina da maratoi baterako prestatzea edo maratoi erdi baterako prestatzea. Maratoi erdi bat bi hilabetetan prestatu daiteke baina maratoi baterako beste entrenamendu klase bat behar da.

Maila ona al dago herriko eta inguruko korrikalarietan?
Gipuzkoan maila ona dagoela iruditzen zait. Uste dut lau emakume gipuzkoar garela selekziora joaten garenak. Hala ere, maila ona egon arren emakumezko korrikalari gutxi ibiltzen da hemen inguruan eta ez dago ez afizio ezta harrobi haundirik ere.

Orain lana egiten duzu gauez eta lanetik aterata entrenatu egiten duzu. Nola moldatzen zera?
Gorputza ohitu egiten da. Gauez lana egiten dut eta lanetik ateratzean entrenatzera joaten naiz eta gero lotara. Nire ekipoko korrikalari bat ere ni bezala ibiltzen da. Ohitzea da kontua.

Gustatuko litzaizuke korrikalari profesionala izatea?
Bai, baina oso oso ona izan behar da. Elitean daudenak bakarrik dute aukera korrika egiteaz bizitzeko. Gustatuko litzaidake, baina, oso urruti ikusten dut profesional izatearena.


Udalak ontzat jo du Plazako lurra aldatzea eta bi urte barru egin litezke obrak
Rekondoren esanetan, aurten proiektua egingo da eta obrak lurpeko instalazio eta azpiegitura guztia ere berritu egingo du. Eskaria Kaxko elkarteak egin zuen.

Kaxkok Gudarien plazako lurra aldatzea eskatu zion Udalari plazari benetako zentzu soziala, eta kulturala emateko, orain dagoen harria egokia ez zela-eta. Joxan Rekondok Kronikari adierazi dio Udalak begi onez ikusten duela proposamena, eta ondo bidean datorren urtean egingo dela obra.
Alkatearen hitzetan, Alde Zaharra berritzeko prozesuan, orain Tilosetako urbanizazioak behar du lehentasuna. Horren barruan joango litzateke Gudarien plaza berritzeko proiektua ere.
Joxan Rekondoren esanetan, oraingo obran, zorua aldatzeaz gain, lurpeko instalazio eta azpiegitura guztiak ere berrituko dira. Plazak orain daukan zorua, 20 urte inguru jarria da eta orduan ez ziren lurpeko azpiegitura nagusiak ukitu.

Tilosetan ere zoru berria
Bestalde, Tilosetako plaza egokitzeko lanetan bi obra nagusi ikusten ditu Alkateak. Batetik, zorua bera eta zenbait instalazio eta bestetik zuhaitzak ondo zaintzeko neurriak.


Xalapartan urteko balantze ona

Xalaparta Elkarteak urteko batzarra eta batzar berezia egin zituen igandean. Bazkideek aho batez onartu zituzten urteko kontuak eta ekitaldien balantzeak. Xalapartak bi bazkide berri ere onartu zituen eta 130 izango ditu orain. Hernaniar Bikaina, sagardo txapelketa, San Joanetan txaranga, Aranorako martxa, mus txapelketa, Dantzari eguneko bazkaria dira Xalapartak egiten dituen ekitaldi nagusienak.
Urteko batzarraren aurretik, ordea, beste batzar berezi bat egin zuen Xalapartak, jubilatutako bazkideen egoeraren inguruan. Bi proposamen izan ziren, bazkide batena eta zuzendaritzarena, baina, asanbleak gauzak lehen bezala uztea erabaki zuen, eta ez zen ez bat ez bestea aurrera atera.
Jose Mari Belegain da Xalapartako lehendakari eta aurten ere junta berak jarraituko du. Lehendakaria pozik zegoen bai urteak eta bai batzarrak eman zuenarekin.

Gobernuak onartu ditu Akarregi eta Epelako poligonoetako
konpentsazio proiektuak

Aste honetako Gobernu Batzarrak (hemendik aurrera izen hori izango du legez) behin betiko onartu ditu Akarregi eta Epelako industrialdeen konpentsazio proiektuak. Eta horrekin batera, Oronako eraikuntza berria ere legeztatu du Gobernuak. Bestetik, Ibaiondon kaldereria jartzeko aktibitate lizentziaren eskaera Jaurlaritzara bidali du Udalak. Azkenik, Elizatxon txakur-tokia egiteko eskaerari oraingoz baiezkoa eman dio, baina proiektuak ingurugiro sailaren eta aparejadorearen txostena pasa beharko du behin betiko baietza jasotzeko.

Aitor, Anbrox eta Kaxtonen, bakarrizketak gaur Garinen
Gaur iluntzean Aitor, Anbrox eta Kaxtonen emanaldia izango da Garin tabernan, gaueko 23:00etan. Bakarrizketak izango dira eta umorea bilatzen saiatuko dira gehienean.

Zinea Biterin
‘Planta Cuarta’ eta
‘Deep Blue’

‘Planta Cuarta’ pelikula botako dute gaur Biterin, 22:30etan. Bihar 19:30etan eta 22:30etan da eta igandean 19:30etan. Umeentzat Deep Blue botako dute, bihar eta igandean, 17:00etan.

Gimnasia kurtso hasierako erakustaldia igandean
Jubeniletatik benjaminetarainoko gimnasia erritmikoko parte hartzaileek exibizioa emango dute igandean Hernanin, eguerdiko 12:00etan. Kurtso hasiera honetan banaka eta konjuntoka emango dute exibizoa.

Urteko balantzea eta zuzendaritza berritzea, Kriskitiñaren gaurko batzarreko bi puntu
KriskitiÑa Dantza taldeak urteko batzarra egingo du gaur iluntzean eta 2 gai nagusi izango ditu. Batetik urteko ekitaldien balantzea, eta balantze ekonomikoa, eta bestetik zuzendaritza berritzea egokitzen da. Batzarra Aristizabal kaleko 5garren zenbakian izango da, 19:00etan.

Jasota Bezala (Gutunak)

IÑAKI BARRIOri:
Bi kontzeptu besterik ez, momentuz.
1.- Hernaniko Kiroldegian igeriketako ikastaroak ematen diren bitartean, eta Kiroldegiko lanpostuen zerrendan plaza horiek sortzen ez diren bitartean, zerbitzu hori, orain arte dauden langileek eman behar dute, eta horrela berretsi du epaileak duela egun batzuk.
2.- Langileen lansaioak handitzeko asmoak badituzu, aurrera!!, gaur egun dituzten kontratuetan aldaketa hori idatzi, eta bukatu da gaia.

Beno, besarkada eta elkartasuna bidali, lan duinaren defentsan ari diren langileei eta jakinarazi zuen alboan eta prest gaituzuela edozein lan edo borrokatarako.
Azpikontrataziorik ez, udal zerbitzu propioak bai
Javier Hernandez Ruiz de Larrinaga
Hernaniko Kiroldegiko, Ongintzako eta Udaleko LABen izenean

 

Buelta lehenengo orrira