2003 urtea

Urtarrilak 23

Larunbata

Alea: 997

Coro Dominguez -Ezaguerari eragiten dioten gaitzei buruzko ikastaroa
“Alzheimerra eta bestelako dementzia dutenei lagundu egin behar zaie gauzak egiten, ez beren ordez egin”
Dementzia bat baino gehiago dago; ondorio eta sintoma desberdinak dituzte Dominguezek dioenez. Gaixoen senitartekoek informatu, errekurtsoak bilatu eta gaixoa ulertzen ikasi behar dutela dio.

Lahar elkarteak antolatuta, kurtsoa ematen ari dira Biterin, ezaguerari eragiten dioten gaitzak dituen jende heldua zaintzen ikasteko. Coro Dominguez ari da kurtsoa ematen eta bere hitzetan, gaixoak ulertu egin behar dira ondo zaindu ahal izateko. Gaur egunean heldu asko bizi da etxean eta dementziaren bat duena zaintzeko preparatu egin behar du jendeak, familiakoak nahiz zaintzaile profesionalak izan.

Sintoma desberdinak
Burmuina lobulo desberdinetan banatua dago eta bakoitzak du bere funtzioa. Segun burmuineko zein parte den huts egiten hasten dena gaixoak sintoma bat edo beste izango du eta modu batera edo bestera jokatuko du. Normalean, pertsona batek dementzia duenean bera ez da konturatzen eta bere ingurua da lehenago jabetzen dena, portaera aldaketa haundi bat duelako edo gauza arraroak egiten dituelako.
Dominguezek dio gaur egun psikosis haundia dagoela dementzia kontuekin, Alzheimer hitza entzun ezkero batipat. Jakin behar dugu memorian arazoak dituzten heldu guztiek ez dutela dementzia. Bestalde, atentzioa jarri behar zaie sintoma depresiboei, Alzheimerraren hasiera izan bailitezke hauek.

Informatu eta laguntza bilatu
Gaixoarekin lan egiteko prestaketan informatzea da lehen pausua Dominguezen hitzetan, gaixoa ulertu eta bere jokaerak eta sentitu lezakeena interpretatu ahal izateko. Dioenez joera haundia dago bestela, dementzia bat duenari dena egiteko, edo gauzak aurpegiratzeko eta hori ere ez da egin behar. Gaixoa estimulatu egin behar da, ahal duena berari egiten utziaz. Ezintasunetan laguntzea da zaintzailearen lana, baina, gaixoa erabat anulatu gabe eta bere jokaera berezia ulertuta.
Horrekin batera garrantzitsua dela dio, udalak jende heldua zaintzeko zein baliabide jartzen dituen jakitea: eguneko zentroak direla, etxerako laguntzak direla eta abar, zaintzaileak eta familiak egunean zehar lasaitzeko aukera izan dezan, 24 orduetan gain-gainean egon gabe. Eta horrez gain, norberarentzako laguntza ere bilatu behar du zaintzaileak, askotan egoera gogorra izan bailiteke beretzat ere. Laguntza hau AFAGI elkartean (Gipuzkoako Alzheimerdunen familiarren elkartea) izango du. Esperientzia hau familian pasa duen jendeak osatzen du elkartea. Telefonoa da 943 29 71 18.
Edadetuak etxean zaindu ezin direnean eta erresidentzietara jotzen denean, Dominguezek dio jakin behar dela helduak zaintzeko leku espezializatuak direla. Hori bai, garrantzitsua irizten dio egiten dituzten interbentzio programei buruz informazioa eskatzean, helduaren osasun fisikoaz gain, psikikoa eta soziala ere kontuan hatzen dutela ziurtatzea.

Esanda Bezala

“Memoria galtzeak ez du esan nahi dementzia bat dugunik; eta kontrakoa, baliteke pertsona bat depresioarekin dagoela uste izatea eta hori bera izatea gaitzaren sintoma”.

“Erresidentzietan gero eta edadeko jende gehiago dago eta ulertu egin behar da, familia guztietako egoera ez baita berdina. Hori bai ondo aukeratu behar da nora eraman.

“Alzheimerra sendatu ezin da egin, baina, gaitzari eutsi bai. Horretarako gaixoa estimulatu egin behar da eta egin lezakeena egiten utzi, erabat anulatu gabe”.


Waterpoloa
Hernani A eta B elkarren kontra bihar
Partidua 13:00etan da. Gaur nesken taldeak jokatuko du Santoñaren kontra, kanpoan.

Waterpoloko nesken ekipoak Santoñan jokatuko du gaur ligako partidua, arratsaldeko 20:00etan. Bihar, berriz, mutilen txanda da eta waterpolo festa izango da kiroldegiko piszinan. Hernani Ak eta Hernani Bk elkarren kontra jokatuko dute partidua, eguerdiko 13:00etan. Berez, lehenengo taldea izango da faboritoa, baina, emaitzak ez du garrantzi haundirik izango. Aurreneko taldea lider dijoa alde haundiarekin eta Hernani Bk ere 5garren segiko du.


Jasota Bezala (Gutunak)
Hernaniko igeriketa monitoreak
Urtarrilaren 16an Barrio zineg
otziaren eskutitz bat argitaratu zen zenbait komunikabidetan. Eskutitz horretan zera zioen: ez garela behin betiko langileak eta Udalak egiten zigun eskaintzak orain arte izan ditugun lan baldintzak hobetzen dituela. Zinegotziak dio denbora alferrikaltzen duela eskutitzak bidaltzen eta denbora agortzen ari zaigula. Uste dugu Udal Zerbitzuetan gertatzen ari denaz jendea informatzea ez dela denbora alferrikaltzea eta prest gaude gure denbora Barrio jaunarekin elkarrizketatu eta eztabaidatzen emateko. Urtarrilaren 15ean guk gerok eman genion Barrio Zinegotziari Goi Auzitegiaren epaia: bertan garbi esaten da behin betiko langileak garela. Udal Patronatuaren errekurtsoak ez du aurrera egin, alderantziz arrazoia guri eman digute.
Enpresa bihurtzera behartu nahi gaituzte. Esan ziguten hainbat datu emango zizkigutela, guk aztertzeko. Zehatzago esanda informe batzuk eskatu genituen, profesional baten laguntzaz, balizko enpresa baten biabilidadea aztertzeko. Udalak ezer idatziz emateari uko egin dio. Ezin diogu beraz proposamenari erantzun ere egin.
Esan bezala Goi Auzitegiak erabaki du behin betiko langileak garela baina oraindik orain ez dakigu Urtarrilaren 31tik aurrera zer gertatuko zaigun, Barrio Zinegotziak kontratua egun horretan bukatzen zaigula esan baitigu.

Ainhoa Makazaga, Idoia Zubeldia, Mirari Goizueta, Monika Porto, Mikel Fernandez. Kiroldegiko Igerilekuko langileak.

Ruper Ordorikak disko berriko eta lehengo kantak joko ditu gaur kiroldegian
Ruper Ordorika kantari oñatiarrak gaur iluntzean Hernanin emango du kontzertua, Sagarrondotik ekitaldiaren aurkezpenean. Urte asko dira Ruperrek Hernanin jo zuela eta gaur Kantuok kantatzen ditut 15garren diskoko kantak joko ditu eta baita lehengo diskoetako zenbait kanta ezagun ere. Urte asko daramazki Ruper Ordorikak musika munduan eta egindako bidearen ondoren jarraitzaile gehien duen garaia da eta azken kontzertuetan arrakasta haundia izan du. “Oraindik bide asko” duela egiteko uste du oñatiarrak, baina, ikasi ere asko egin duela onartzen du. Gaur bere progresio musikala entzuteko aukera izango da, kanta zahar eta berri. Kontzertua, 22:30etan da kiroldegiko pelotalekuan.

Errugbia
La Unica-Hernani gaur
Hernaniko Lehenengo taldeak Iruñan jokatuko du gaur partidua La Unica taldearen kontra. Landareko taldeak beste aukera bat gehiago du orain arteko bide oparoari eutsi eta igoerako bidean jarraitzeko. Partidua arratsaldeko 17:30etan da.

‘Mama quiero ser autista’, Astigarragan
Gaur Daniel Higienicoren emanaldia ikusteko aukera izango da Astigarragan. Mamá quiero ser autista ikuskizun berria da eta emanaldiak samurtasuna, ziria, umorea eta fantasia darabilzki. Ikuskizuna gaur arratsaldeko 19:00etan da, kultur etxean.

Ur ludoteka igandean
Igande honetan ur-lodoteka egongo da kiroldegiko igerilekuan eta umeek uretan jolasean ibiltzeko aukera izango dute, 10:30etatik 12:30etara.

Futbola - Gorengoa
Hernani-Urola, puntu gosez
bihar Zubipen

Zuriberdeak 15garren dijoaz 24 punturekin eta Urola 12garren 25ekin.

Hernanik etxean jokatuko du bihar ligako 21garren partidua. Jon Loranen mutilek Urola talde zestoarra izango dute aurrean, eta puntu gosez aterako dira, urte berriak oraingoz ez baitie gehiegi lagundu.
Hernani 15garren dijoa 24 punturekin, baina, ekipo asko daude oso puntu gutxiren barruan. Berio dijoa lider eta Amaikak Bat azkena, biak ere bakarrik. Baina, azken hirugarrengotik zazpigarrenera 5 punturen aldea dago: batek 23 eta besteak 28. Hernanik gaur du aukera sailkapen horretan behetik baino goitik gertuago egoteko. Urolari irabazita 27 puntu lituzke eta pauso ona litzateke hori. Partidua igande arratsaldean jokatuko da, 17:00etan.

Gazteen Ligan, etxean gaur
Gazteen Ligan Hernanik Laudio Sallekoren kontra jokatuko du gaur Zubipen, 16:30etan.

 

 

Buelta lehenengo orrira