Ruper
Ordorikak jende mordoa bildu zuen kiroldegian, Sagarrondotik ekimeneko
lehenengo ekitaldian
Kiroldegian bildutako entzuleak pozik utzi zituen musikari oñatiarrak.
Hurrengo ekitaldiak otsailaren 26, 27, 28 eta 29an dira . Hernanin kontzertuak
daude hilaren 27 eta 28an.
Kontzertu
ederra eskaini zuen larunbat gauean Ruper Ordorikak Sagarrondotik ekimeneko
aurkezpen ekitaldian. Abeslari oñatiarrak atera berri duen diskoko
abestiak jo zituen gehien bat, baina disko zaharretako abesti sonatuenak
ere ez zituen ahaztu, bildu zen entzule mordoaren gozamenerako. Kontzertuaren
aurretik Sagarrondotik ekimenaren ordezkariek hemendik aurrerako ekitaldiak
iragarri zituzten.
Kontzertuak
Hernanin
Sagarrondotik ekimenak Hernanin izango du segida eta izen haundiko taldeak
etorriko dira otsailaren 27 eta 28an. Otsailaren 27an Fito & Fitipaldis,
Su ta Gar, Reincidentes eta Orisha’s taldeek joko dute. 28an,
berriz, Fermin Muguruza eta Kontrabandak, Ojos de Brujok, Kuraiak eta
Ari taldeek joko dute. Kontzertuak hartzeko 10.000 lagun hartuko dituen
karpa preparatu du Sagarrondotik elkarteak eta Hernaniko eta beste herrietako
sagardogileen, Udalaren eta hainbat talderen laguntza du.
Lau
herritan
Sagarrondotik ekimenak 2garren edizioa du aurten eta lehengo urtetik
duen aldaketarik haundiena da lau herritan egingo dela aurten: Hernani,
Urnieta, Usurbil eta Astigarragan. Hernanin kontzertuak dira, Urnietan
inaugurazio ekitaldia, otsailaren 26an; Usurbilen, Herri kirol lehiaketa
otsailaren 28an, Hernani, Astigarraga, Usurbil eta Urnietako taldeen
artean. Astigarragan 2garren euskal Herriko sagardo probaketa egingo
da 60 sagardogileren sagardoekin, otsailaren 29an eta dantzak bertsolariak,
produktu azoka eta abar izango dira.
Aitor
Ruiz de Eginoren zeramika, brontze eta harri erakusketa dago Biterin
Gaurtik otsailaren 3 arte egongo da . 120 zeramika pieza, 5 brontzezko
eta 2 harrizko jarri ditu
Aitor Ruiz de Egino hernaniarrak erakusketa jarri du Biteri kultur etxean,
berak egindako zeramika, brontze eta harri lanekin. Ruiz de Eginok 7
urte egin zituen Biteriko zeramika ikastaroan, beste 3 urte harria lantzen
eta azken boladan margotzen ari da eta Geronan ibili da zeramikako 2
kurtso egiten. Lan asko dauzka eginak eta saltzera ere ateratzen ditu
Donostiako galeria batean eta herriz herriko erakusketa eta azoketan.
Hau izango du bakarka jarriko duen lehen erakusketa.
Hernaniko erakusketan 127 arte lan dauzka ikusi eta nahi duenak erosteko.
Gehienak Zikuzulon eginak dira aurtengo Udaran eta aurpegi eta gorputzetatik
abiatuta egiten ditu lanik gehienak. Gehien erabiltzen duena gres zeramika
da, lehenik 1000 º C-ra eta gero 1260 ºC-ra egosia.
Hernaniko
kiroldegiko sozioek Astigarragan ikastaroak ere egiteko aukera izango
dute
Hernani eta Astigarragako Udalek elkarlan hitzarmena sinatu dute
. Orain kiroldegi batean sozio denak bi herrietako eskaintza osoa izango
du eskura.
RHernaniko kiroldegiko bazkideek Astigarragako kiroldegia erabili ahal
izango dute, Astigarragako bazkideek egiten duten bezalaxe, bi herrietako
Udaletxeek akordio bat sinatu baitute.
Astigarragako kiroldegiko instalazio guztiak erabili ahal izango dituzte
Hernaniko kiroldegiko sozioek eta parte hartu ahal izango dute Astigarragako
kiroldegiak antolatzen dituen, ikastaro eta lehiaketetan. Horrekin batera
Astigarrako kiroldegiko zerbitzuak ere erabili ahal izango dituzte:
kirol medikuntza, hidromasajea eta masajea, esaterako.
Bi Udaletxeek sinatutako akordio honen helburua da kirol instalazio
zerbitzu zabalago bat eskaintzea. Elkarlan honen bitartez udalerri bakoitzak
izan litzakeen urritasunei aurre egin nahi izan diete.
Jasota
Bezala (Gutunak)
SENTENTZIA BETE, ELKARRIZKETA BAI, DESPIDORIK EZ.
Kiroldegiko monitoreen eta Patronatuko lehendakariaren arteko lan konfliktoaren
aurrean, Hernaniko Ezker Batua honako hau adierazi nahi du:
1.- Salatu nahi dugu langile hauek hamarkada bat baino gehiagoan jasan
behar izan duten lan prekarietatea, lege fraudea dena, aurreko Korporazio
Munizipalen partetik eta LAB sindikatuaren konplizidade eta isiltasunarekin.
2.-Gizarte Arazoetako Auzitegiak eta Justiziako Auzitegi Gorenak emandako
sententziak argiak eta sendoak dira, langile hauen kontratuak denbora
partzialean indefinitu diskontinuoak dira. Udaletxeak eredua izan behar
du eta sententziak bete egin behar ditu.
3.-Ez gaude ados langile hauen despidoarekin, ezta langile hauek fondo
publikoekin indemnizatzearekin. Egoera honi aurre egingo diogu gure
indar guztiekin, lanpostu hauek oposizio publikoen bitartez betetzen
ez diren bitartean. Izan ere, neurri hauen atzean badirudi Zerbitzu
Munizipala pribatizatzearen aldeko politika neoliberala dagoela.
Hernaniko Ezker Batuak eskatzen die errepresentazio munizipala duten
indar politiko guztiei, urtarrilaren 31tik aurrera despido mehatxu honen
aurrean posizionatzeko eta elkarrizketa eta negoziazioa hastera gonbidatzen
ditu lan gatazka hau konpontzeko. Hernaniko herriari mesede egingo dio-eta.
Hernaniko
Ezker Batua
Jesus Uzkudun