2004 urtea

Urtarrilak 26

Astelehena

Alea: 999

Uholdeek lokatza, zikina eta kalteak utzi dituzte
Zubipe eta Landare berriz ere erabat lokatz gelditu dira. Osiñaga eta Karabelgo baratzetan ere kalteak izan dira. Jauregi ondoan euriak luizia eragin zuen Sta Barbarako bidean. Hernani, Astigarraga eta Donostiako Udalek ibaiaren urbidea haunditzeko obrak eskatu dituzte.

Urak joan dira eta orain lokatza eta zikina gelditu da Urumea ertzeko leku askotan. Udalak herrian izandako kalte guztien berri zehatza izan nahi du eta, horretarako, kalterik izan dutenei eskatu die Udaltzaingoan emateko kasu guztien berri.
Dirudienez, Zubipe eta Landareko kirol instalazioak eta Urumea ondoko baratzak izan dira kalte gehienak jaso dituztenak. Zubipen futbol zelai osoa erabat lokatz gelditu da, eta zenbait lekutan 30-40 zm lodi da zikina. Publizitate bailak batzuk hautsita daude, eta hormigoizko barra batzuk ere eraman ditu urak. Zubipeko tabernan ia barraraino sartu da ura, eta bulegoa ere urpean gelditu zen.
Rikardo Ramos CD Hernaniko lehendakariak Kronikari adierazi dio hasi direla garbiketa tramite guztiak. Hala ere, Ramosek dio oraindik kaltea zenbatekoa den ikusi beharko dela zenbat kostako den eta futbol zelaia jokatzeko moduan noizko egongo den jakiteko. Aurreko aldian hilabeteak egon ziren. Zubipen behin eta berriz ura sartzen dela-eta, CD Hernanik Udalari planteatzeko asmoa du futbol instalazioak beste nonbait jartzeko aukera.
Landareko errugbi zelaia ere jokatzeko moduan ez dagoela utzi dute uholdeek. Landaren, ordea, belar naturala dago eta kaltea ez da horrenbeste antzematen. Errugbi Elkartea kaltea zenbatekoa den aztertzen
ari da.

Kalteen berri eman
Udalak herritarrei eskatu die uholdeek sortutako kalte guztien berri emateko Udaltzaingoan.

Obrak 2005ean
Eusko Jaurlaritzak datorren urtean hasiko ditu errioa egokitzeko lanak, Donostiatik Hernaniraino artekoak.



Kalteak baratzetan
Urak eta lokatzak baratzetan ere pikardia haundiak egin ditu, hasi Orbegozo ingurukoetatik eta Osiñagakoetaraino. Osiñagako zenbait sagasti azpi ere dena hondar eta lokatz utzi ditu. Era berean, hor dagoen landare biberoan ere egin ditu kalteak.

Karabel auzoan, keja
Normalean bezala, oraingoan ere Karabel izan da urak gehiena harrapatu duen auzoa. Auzo elkarteak dagokionak erreka garbitzeko eskatzen du joan deneko aspaldian, baina, orain ura geroz eta maizago ateratzearen kezkarekin. Etxeetan eta bajuetan, berez, ez da kalte nabarmenik izan, auzo elkartearen esanetan.

Lubizia Jauregin
Euriak lubizia eragin du Jauregitik Sta Barbararako bidean, kotxe desguazearen gaikaldean. Lubiziak karreterari azpiko puska bat kendu dio eta bide erdia itxita dago.


Atsegindegiko aparkalekuetarako izena emateko bulegoa jarri dute

Atsegindegin dago bulegoa eta bertan entregatu behar dira eskari orriak. Erabakitzeko dago aparkalekuaren azken diseinoa, baina, 150 plaza izango ditu gutxienez.

Atsegindegiko lur azpiko aparkalekuren bat hartu nahi dutenentzat apuntatzeko bulegoa zabalduko dute gaurtik aurrera, Atsegindegi ondoan. Asfaltos Naturales de Campezo SA eta Gedi Grupo de Promoción de Infraestructuras enpresak ireki du bulegoa, obra egingo duen enpresak. Jendeak bulego horretan edo Udaletxean izango ditu eskari orriak, eta bulegoan bertan entregatu behar ditu beteta. Jende pilaketa haundirik ez izateko aldez aurretik ordua hartzeko eskatu dute arduradunek eta horretarako telefonoa hauxe da: 943 332369. Informazioa ere telefono berean emango dute.

Dokumentazioa
Eskari orriekin batean entregatu beharreko agiriak dira (bakoitzak dagozkionak bakarrik): NANaren fotokopia; zirkulazio baimenaren fotokopia; errolda agiria, dagokion Udalak egina; Negozio baten jabe, titular nahiz administratzaile denak horri buruzko egiazkariak eta besteren konturako langile denak titularrak egindako egiazkaria; elbarritasun ziurtagiria; kontu korrontean 600 euro sartu izanaren ordainagiria (zenbakia bulego jarri berrian emango dute).

Kontzesioa 75 urterako
Garajeak 75 urterako kontzesio administratibo bidez emango dira, hau da, 75 urteren ondoren Udalaren esku geldituko dira berriz ere. Baldintzen orriak dioenez, garajea titularrak bakarrik erabiliko du eta ezingo da inori alkilatu edo utzi. Saldu nahi den kasuan aparkalekuko Administrazioari eman beharko zaio horren berri eta Udalak eman beharko dio baimena. Prezioa aurretik finkatua izango da.

Gutxienez 150 plaza
Proiektuaren azken diseinua erabakitzeko dago, eta hiru aukera daude mahai gainean. Proiektu definitiboa egin aurretik, ordea, benetako eskaria ikusi nahi dute: zenbat aparkaleku, zenbat kotxe, furgoneta, zenbat doble, ezinduentzako zenbat garaje eta abar. Lur azpiko aparkalekuarekin batean, Atsegindegiri tapakia jartzeko proiektua ere badago eta hori ere erabaki beharra du Herri Lanetarako Batzordeak proiektu definitiboa agindu aurretik. Jakinekoa dena da, aparkalekuak 150 plaza behintzat izango dituela.

Baldintzak
Garajeak Hernanin bizi edo lan egiten duen jendearentzat dira eta ibilgailu bat beharko dute beren izenean eta Hernanin alta emana. Hernani zentroan beste garajerik ez dute izan beharko eta zirkulazio baimena beharko dute. Eskaera dagoen garaje kopurua baino txikiagoa bada hartu ahal izango dute garajea baldintzaren bat betetzen ez dutenek. Lehentasuna berriz, Hernani zentroan bizi direnek izango dute; ondoren, zentroan lan egiten duten komertziante, profesional eta industrialek; jarraian Hernanin bizi direnek; eta jarraian Hernanin lan egiten dutenek.

.


Bildu Hernani plataformak Udal Aurrekontuak aztertzeko bilera deitu du gaur kultura eta euskerako taldeekin

Bildu Hernani plataformak Udal aurrekontuak aztertzeko bilera deitu du gaurko, kultura eta euskera inguruko taldeekin. Gaur egungo egoera eta beharrak eta proposamenak aztertuko dira eta taldeez gain edozein herritarrentzat zabalik daude ateak, proposamenak egin edo beren iritzia emateko, Bildu Hernanik adierazi duenez. Bilera, gaur, arratsaldeko 19:30etan, Larramendi 11ko lokaletan.


Saxofoi Kontzertua bihar Milagrosa aretoan
Saxofoi kontzertua dago bihar Milagrosan, Musika eskolak eta Udal Hezkuntza Batzordeak antolatuta. BDX taldeak joko du, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.

Aek
Eskiatzen Pont d’Espagnen

Euskera ikastea ez da gelan sartu eta paper artean murgiltzea bakarrik, eta asteburua eskiatzen pasa dute AEKko Hernaniko eta Astigarragako 20 ikasle eta irakaslek. Larunbatean goizean goiz atera, iraupen eskia egin eta bertan geratu ziren afaltzen eta lotan eta baita marrazki lehiaketa eta tertulian ere. Igandean ere eskiatu egin zuten. AEKko arduradunen hitzetan bidaia hauen helburua da ikasleek euskera praktikatzea, gustoko ekintzak eginaz.

Santa Barbara Soziedadeak batzarra egingo du igandean
Santa Barbara elkartean batzarra dago datorren igandean, eta urteko balantzea egin eta datorren urterako aurreikuspenak egingo dira. Bi konbokatoria daude: bata 10:00etan eta bigarrena 10:30etan.

Jasota Bezala
Kiroldegiko monitoreen auziari buruz
Hernaniko PSE-EEk Udal kiroldegiko igerilekuko monitore eta Patronatuko lehendakaritzaren artean sortutako liskarraren aurrean, eta bi Epaitegietako bi erabaki daudela kontuan hartuta (Donostiako Lan Arloko Epaitegiarena eta Epaitegi Gorenarena): sententziek errekonizitzen dute langile hauek denbora partzialeko langile indefinituak direla.
Hernaniko PSE-EEtik uste dugu Kirol Patronatuko arduradun nagusiak, eta bide batez Alkate jaunak, bi sententzia horiek errespetatu egin behar dituela, eta horren arabera jokatu.
Bestalde, Alderdi Sozialistako Udal Taldeak eskatzen diogu Patronatuko Lehendakariari konbokatu dezala urgente Zuzendaritza Batzordeko bilera berezi bat, sortutako egoera aztertu eta dagoen informazio guztia jaso dezagun.
Hernaniko Sozialistek eskatzen diogu Patronatuko Lehendakariari, edozein kasutan, erabiltzaileen eskubideak eta zerbitzuaren kalitateak babestuta gelditu behar dutela. Uste dugu liskarra gehiegi luzatzeak eragina izan lezakeela kirol zerbitzuen prestazioan.

Pablo Peñacoba
Hernaniko Alderdi Sozialistako Idazkaria


Kiroldegiko monitoreentzako
Hernaniko Zaharren Egoitzako langile ebentualen izenean, nahi dugu adierazi gure elkartasuna kiroldegiko monitoreei, batez ere jakin dezatela, badakigula, zoritxarrez, ze egoera bizitzen ari diren, orain dela gutxi berdina pasa dugulako. Guk lortu dugu urte betean ez piribatizatzea, baina ikusita dago Udaletxeak hasi besterik ez duela egin.
Jaso ezazue gure laguntza edozertarako. EZ ZAUDETE BAKARRIK, AZPIKONTRATARIK EZ.

Mari Jose Oiarzabal
Hernaniko Zaharren Egoitzako langile ebentualen izenean

Buelta lehenengo orrira