2003 urtea

Urtarrilak 3

Larunbata

Alea: 979

Errege kabalgata eta zine kluba urtarrileko kultur ekitaldien barruan
Erakusketa, hitzaldia, kontzertua, ipui kontalariak eta abar ere izango dira urtarrilan barrena

Hileroko kultur ekintzekin egitaraua ateratzen du Udaleko Kultura sailak eta urtarrilekoa ere kalean da. Errege bezperako kabalgatak emango dio hasiera, arratsaldeko 18:00etan. Hernaniko kaleetan ibiliko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar, umeei erregaloak egin eta zermoduz portatu diren galdetzen. Bestalde, hilaren 12tik 16ra erakusketa egongo da Biteri kultur etxean, Zuzeneko Elkartasuna erakundeak jarria. Hilaren erditik aurrera, hiru ostegunetan, zine kluba dago Biterin, hilaren 15, 22 eta 29an, gaueko 22:00etan.

Bizkarreko minak
Bizkarreko arazoak geroz eta jende gehiagok dituela jakinekoa da eta hilaren 22an hitzaldia emango du Marmier medikuak Jubilatu Etxean, arratsaldeko 19:30etan. Bizkarreko minak nola ebitatu eta zaindu azalduko du. Hilaren 27an gaztexeagoentzako Lur korta ipui kontalaria izango da Biterin, arratsaldeko 17:30etan eta 18:00etan. Eta 2004ko urtarrileko kultur agendari errematea saxofoi kontzertuak jarriko dio, hilaren 29an, 19:00etan Milagrosan.


Errondak girotu zuen herria, urteko azken egun hotzean

Urte zaharretako errondarena aspaldiko ohitura da Hernanin eta aurten ere 30 bat lagunek girotu dute herria, kopla zahar eta berriekin, eta trikitixa doinuarekin. Arratsaldean hasita, afal ordura bitartean egiten da erronda, urteari koplaz kopla despedida eman eta herriko trapu zaharrak bistaratzeko. Azken ekitaldi honetan hotz galanta egin du, baina, koadrilaren anparoan eta eztarriak berotuta giro ona sortu dute Ohitura Zaharrak Abesbatzako kideek.
Ibilbidea ere jakinekoa du errondak: Plazako arkupetatik atera eta zaharren egoitzara, handik Plazan barrena Andre kalean jaitsi eta Kale nagusian gora igo. Eta erronda Patxi Odriozolaren etxe atarian bukatu da aurten ere, aspaldiko ohitura berreskuratzen egindako lana eskertzeko.


Pelota
Gipuzkoako zortzi txapeldun Hernanin

Gipuzkoako pelota txapelketa jokatu zen pasa den abenduaren 19an eta 20an eta zortzi hernaniarrek lortu dute txapela. Paleta goman Goiatz Mansizidor eta Amaia Martinezek 30-20 egin zuten Anoetako Kukuko pelotarien aurka. Paleta goman eta kadete mailan, Eluxka Arrondo eta Ane Lujanbiok 30-23 irabazi zuten Hernaniko Ane Gerra eta Leire Lucasen aurka. Eskuz eta kadeteetan Ojuel eta Aizpitarte nagusitu ziren, 22-05 irabazi baitzuten Erniopeko Zabala eta Legarretaren kontra. Jubeniletan, Erroizenea eta Argote bikotea Bergarako Samaniego eta Gutierrezen kontra irabazi zuten 22-4. Erremotean Urtzi Irazustabarrenak 35 eta 18 irabazi zion Hernaniko Xabi Iradiri.


Profesional mailako jaialdia gaur kiroldegian
Bi partidu izango dira gaur 16:30etatik aurrera kiroldegiko frontoian.

Buruntza Txapelketako profesional mailako pelota partiduak daude gaur kiroldegiak Besagainek, Kirol Patronatuak eta Pelota elkarteak antolatuta. Txapelketan Besagain, Garfe eta Aspeko pelotariek hartzen dute parte. Gaur Garfeko Camarero eta Matute IIIgarrena Besagaingo Aio eta Milikuaren kontra neurtuko dira. Milikua eta Matute enpresa haundietan ibili dira orain arte eta Aio bizkaitarrak erakutsi du kolpe haundia duela. Partidu irekia izango da beraz.
Esnal buruz buru
Jaialdiari hasiera buruz buruko amistoso batek emango dio. Iñaki Esnal hernaniarra Oar-Arteta bizkaitarraren aurka ariko da. Esnal da Besagaingo izarretakoa eta enpresa haundiak beren pelotariekin jartzen hasi dira. Esnal berak ere parte hartuko du Buruntza txapelketan eta faboritoen artean dago lehen edizio honetako txapela lortzeko.

Helduen Hezkuntza Zentroak matrikula urtarrilean irekiko du
Helduen Hezkuntza Zentruak jakitera eman du urtarrileko bigarren hamabostaldian irekiko duela matrikula egiteko epea. Formakuntza Guztian eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH) graduatu titulua atera liteke, edo unibertsitatera edo goi mailako moduluetara sartzeko froga pasatzeko klaseak hartu litezke. Matrikula debalde da eta fetxak jakinaraziko dituzte prentsan. Bestalde, ikasleen interesen araberako eskaintza egingo du. Informazio behar izan ezkero: 943 335318.

Futbola
Hernani-Usurbil gaur, Zubipen

Emakumezkoen ligan Hernanik sailkapeneko azkenaren kontra jokatuko du gaur Zubipen, arratsaldeko 18:30etatik aurrera. Hernaniarrak ere nahiko behean daude sailkapenean 13 punturekin, baina, gaur irabazita aukera dute postu batzuk igotzeko. Gorengo taldeak, berriz, bihar jokatuko du Zubipen Ordiziaren kontra, 17:00etan.

‘Matrix’ eta ‘Betizu’ gaur eta bihar
Biteri kultur Etxean bi pelikula botako dituzte gaur eta bihar. Helduentzat Matrix pelikula botako dute, gaur 19:30 eta 22:30etan eta bihar 19:30etan. Gaztetxoentzat Betizu pelikula izango da , gaur eta bihar arratsaldeko 17:00etan.

SOS Sahara
Kanpaina hasiera gaur

SOS Sahara kanpaina gaur hasiko dute Hernanin eta helburua da Algeriako kanpamentuetara bidaltzeko janaria jasotzea. Goizeko 09:00etatik aurrera karpa bat jarriko dute Plaza Berrian. Bestalde, janaria eman nahi duenak (arroza, babarrun, lenteja, garbantzu, esne hautsa, olioa eta atuna oliotan) Biterin utzi lezake.

Etxerat
Bilbora joateko deia

Autobusa gaur 15:00etan aterako da Bilboko manifestaziora joateko eta izena Garinen eman behar da.

Europara Bidaia

Gose greba Europan zehar
Aste betez Europan zehar gose greba egiteko bidaia antolatu dute. Irteera eguna bihar da. Interesatuek Garinen eman beharko dute izena.

Erremontea
Ezkurra eta Olazar finalera

Ostegunean 40-34 galdu arren finalean dira Ezkurra eta Olazar, lehenengo partidutik 11 tantoko abantaila zutelako.

Buelta lehenengo orrira