“Chiapasen
gertatzen ari dena mundu osoan gertatu da, baina han altxa egin dira”
Bihar bukatuko dira Jardunaldi Zapatistak, Itxaskin izango den
afariarekin. Antolatzaileek Chiapaseko egoeraren berri eman nahi izan
dute, eta gustora daude jendeak izandako erantzunarekin.
Zapatistei
buruzko jardunaldiak egin dira Hernanin, EZLN-ren altxamenduak 10 urte
bete dituen honetan. Zapatisten gatazkarekin sensibilizatuta dauden
hainbat hernaniarrek antolatu dituzte ekitaldiak, horien artean Jon
Zabaleta eta Patxi Urrestarazu Kabukik. Urtarrilaren 15ean hasi eta
larunbat honetan bukatuko dira, Itxaski tabernan antolatu duten afariarekin.
Afalondoan musika jartzaileak arituko dira. “Jardunaldiak bukatzeko
euskal ritoa egingo dugu: hau da, afari bat” diote parrez antolatzaileek.
Parte
hartzearekin gustora
Antolatzaileek adierazi dute espero zuten parte hartzea izan dela ekitaldietan:
“Aurretik bagenekien ez zela jende asko etorriko, jendeari gai
hau nahiko urruti geratzen zaiolako. Proiekzio batzuetara 20 pertsona
edo etorri dira eta hitz egiteko eta hango egoeraren berri jakiteko
aukera izan dugu denok” diote.
Dokumental, hitzaldi, pelikula, erakusketak eta abar egin dira jardunaldietan,
eta antolatzaileen asmoa izan da jendeak hango egoeraren berri jakitea,
zapatisten mugimenduaren sorreraren 20 urteurrena eta altxamenduaren
10garrena dela aprobetxatuta. Horrekin batera ekitaldietan lantzen ari
diren ipui batzuk jendaurrean erakusteko aukera ere izan dute. Marcos
Komandanteordeak bildutako ipui zapatistak dira, eta Xabier Ibarzabalek
euskeratu ditu, eta Jon Zabaletak marrazkiz apaindu. Erakusketan 10
ipui jarri dituzte eta Andragoton dago ikusteko aukera.
Munduan gertatzen dena
Jon Zabaletak dio Chiapasen gertatzen ari dena mundu osoan gertatu dela,
eta gertatzen ari dela: “Planteamendua lurra da. Momentu hauetan
multinazionalek hango lurrak hartu eta aberastasuna atera nahi dute.
Egoera hau munduan gertatzen ari denaren erreflejoa da: batzuek lurra
harrapatzera doaz eta beste batzuek ikusten dute komunitate gisa beren
bizitza bukatu egingo dela beren lurraldetik ateratzen badituzte”.
Kabuki Mexikoko komunitateetan izan zen 1995 eta 1996 urteetan eta berak
adierazitakoaren arabera mugimendu zapatistan Mexikoko komunidade indigenak
eta ez indigenak biltzen dira: etxeko andreak, baserritarrak, langileak,
pandilleroak, eta abar. Zapatismoak marjinatutako sektore hauei izena
eta hitza eman diela dio Urrestarazuk.
“Landaren
ezingo da denboraldi honetan gehiago partidurik jokatu”
Horixe esan du Errugbi Elkarteak errugbi zelaia
uholdeekin nola gelditu den aztertuta. Hernani mailaz igotzeko bidean
da eta etxean jokatu ezina traba haundia izan liteke.
“Azken lau urtetan seigarren aldia izan da, eta beti momentu klabeetan”
adierazi du triste Errugbi Elkarteko kide batek. Asteburuko uholdeek
utzitako lokatzak erabat hondatuta utzi du Landareko zelaia, eta Errugbi
Elkarteak ez du itxaropenik denboraldi honetan jokatzeko moduan jarriko
denik: “Gehienez, ere entrenatzeko moduan egokitu liteke zatiren
bat”.
Zelaia aztertuta, Landareko arduradunek ikusi dute 10 zmko lokatza gelditu
dela hondoan, belarrari erantsita. “Hori garbitzeko makinak sartu
behar dira eta makina sartzeko erabat lehortuta egon behar du. Gero,
berriz hondarra bota beharko da, gero belar hazia...” kontatu
du etsita Landareko ordezkariak, aurtengo denboraldian Landaren berriz
partidurik ez dela jokatuko sinestuta.
Partidu
erabakigarria
Hernaniarren atsekabea haunditzen duen beste elementu bat da justu asteburu
honetan jokatuko dutela denboraldiko partidurik erabakigarrienetako
bat, mailaz igotzeko promozio bidean. Partidua Durangoren kontra da,
hain zuzen ere. Orain, seguruena Aieten jokatuko dute Atletikoren kanpoan,
partidua behar bezala prestatu eta normal entrenatzeko modurik izan
gabe. Eta aurrera begira ere kontraeskura aritu beharko dute. Aste honetan
atletismo pistan aritu dira entrenatzen, baina, zoruak arazoak eman
dizkie, eta lesio txikiren bat ere bai.
Beste talde guztiek ere egoera bera izango dute, uholdek utzitako ondorenagatik.
Pelota
Legarreta-Ezeiza final laurdenetan, Gipuzkoako txapelketa herrikoian
Gipuzkoako pelota elkarteak antolatuta txapelketa herrikoia ari dira
jokatzen, Gipuzkoako herrietako torneoetan txapeldun gelditu diren pelotarien
artean. Hernaniko Kronika txapelketako bikote irabazleak, Xabier Legarreta
eta Gorka Ezeizak, final laurdenetako partidua jokatuko dute gaur Zubizarreta-Korta
azpeitiarren kontra. Partidua, Usurbilen da 18:00etan hasiko den pelota
jaialdiaren barruan. Guztira 4 partidu jokatuko dira.