2004 urtea

Urtarrilak 31

Larunbata

Alea: 1004

Hernanin gutxi barru hasiko dira Urumea garbitzen, eta Karabeldik Donostiara egiten ari diren azterketa udararako bukatuko dute
Atzo elkartu ziren Astigarragan uholdeen arazoiei batera irtenbideak bilatzeko Hernaniko, Astigarragako eta Donostiako Udal ordezkariak, Diputazio eta Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurugiro Sailarekin batean.

Aurreko asteburuan Hernani eta Astigarragan izandako uholdeak aztertu eta hemendik aurrerako pausuak zehazteko bilera egin zuten atzo Hernani eta Astigarragako Alkateek, Donostiako Udaleko ordezkariak, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurugiro sailburuak eta Diputazioko arduradunak. Bilera ondoren Xabin Intxaurraga Sailburuak azaldu zuen kaltetuek orain arteko laguntzak izango dituztela eta denen artean adostu dutela aurrera horrelakorik ez gertatzeko zein pausu eman.
Pausuetako bat izango da IKAUR enpresa Karabelgo Zubitik Egiako Zubira egiten ari den Ordenazio Alternatiba azterketa azkartzen saiatzea. Ekainerako azterketa bukatzea nahi dute, Intxaurragaren hitzetan eta azterketa hau izango da ondorengo proiektuak zehaztuko dituena. Lehentasunak jarri eta datorren urtean obra zehatzetan hasiko da Eusko Jaurlaritza atzo esandakoaren arabera.
Bestalde, oraintxe bertan egingo diren obrak ere badaude: Hernanin errioa garbitzea (arbolak eta isletak baitaude), eta Ergobin kanalizazioa oztopatzen duen ume parkea kendu eta Zubiaren ezker begia garbitzea.


Etxeratek salatu du Frantzia eta Espainiako espetxeetan hernaniar presoen egoera geroz eta okerragoa dela
Hainbat hernaniar isolamendu moduloetan daudela dio Etxeratek, eta Espainiako espetxeetako egoera txarra bada, Frantziako espetxeetakoa okerragoa dela.

Etxerat elkarteak hileroko kontzentrazioa egin zuen atzo plazan, Euskal Presoak Euskal Herrira ekartzea eskatzeko. Aldarrikapen hau orain inoiz baino garrantzitsuagoa dela dio Etxeratek, Frantzia eta Espainiako espetxeetako egoerak “okerrera egin baitu”.
Etxeratek salatu du Jabier Zabaleta 3 urtean dagoela isolamendu moduloan eta Jose Manuel Errazkin 3 hilabete daukatela isolatuta. Gorka Loran eta Garikoitz Arruarteren kasuan espetxeratu ezkero isolamentuan daudela dio elkarteak eta herriko beste presoek “betiko mugak” izaten jarraitzen dutela: eskutitzak bidali eta hartzeko kopuru mugatua, lagunen bisita murrizketa, telefono dei murrizketa eta abar.

Frantzian okerrena
Egoera larrienak Frantziako espetxean ematen direla salatzen du prentsa oharrak. Ibon Fernandez de Iradiren kasua, bereziki gogorra dela dio Etxeratek eta atxilotu zutenetik jaso duela polizien mendekua: “espetxean isolamendu moduloan eta isolatuta daukate: ziegatik mugitzen denean 4 funtzionariorekin izaten da, 30 minutuko patioa besterik ez du egunean, gauean ordu erdiro argia pizten diote lorik egin ez dezan, eskutitz murrizketa du eta senideen bisitak bakarrik jaso ditzake. Eta dena Ibon suntsitzeko asmoarekin. Gorrotoa eta mespretxua eguneroko ogia dute” salatu du Etxeratek.
Alberto Rey Betoren egoeraren berri ere eman du Etxeratek prentsa oharrean. Salatu du Rey epaitu zutenean espetxe isolatu batera aldatu zutela eta senideentzako komunikazio bidea zaildu eta garestitu egin dela geroztik.


Futbola
Lizeo-Hernani eta Ostadar-Hernani gaur

Gorengo taldeak Lizeo Sto Tomasen kontra jokatuko du gaur ligako partidua, arratsaldeko 17:30etan. Emakumezkoen ligan berriz, hernaniarrek Ostadar taldeari egin beharko diote aurre, 15:30etan, kanpoan.
Bestalde, Udaletxeko langileek kendu dute Zubipeko lokatza eta orain azpia nola utzi duen aztertu behar dute. Hernanin jokatzekoak ziren partiduak Jasonebasoko zelaian jokatuko dira.


Errugbia
Hernanik eta Durangok lehen postua jokoan
Denboraldiko partidu garrantzitsunetakoa jokatuko dute igandean Hernani eta Durangok. Aurreneko bi postuetan dijoaz bi taldeak eta lehen postua dute jokoan, eta mailaz igotzeko txartela. Partidua Aieteko zelaian da, Landare jokatzeko moduan ez dago eta. Partidua goizeko 11:30etan izango da eta Errugbi Elkarteak dei egin die hernaniarrei taldea animatzera Donostiara joateko.

Boleibola
Santanderren eta Hernanin partiduak gaur
Hernaniko bi boleibol taldeek gaur jokatuko dituzte. Emakumezkoek Santanderren jokatuko dute hango taldearen kontra 16:45etan. Mutilen taldeak, berriz, Riojaren aurka arituko dira kiroldegian, 17:30etatik aurrera.

Bandak kontzertua emango du bihar
Musika Bandak kontzertua emango du bihar Udaletxeko arkupeetan, Manuel Sagarna zuzendari dela. Lau obra joko dituzte. Bihar, igandea, 13:00etan.


Waterpoloa
Nesken taldeak etxean jokatuko du gaur
Hernaniko Kiroldegiko igeriketa Waterpoloko bi taldek jokatuko dituzte gaur ligako partiduak. Nesken taldeak Leioaren kontra jokatuko du gaur 13:00etan. Bestalde, Mutiletan, Hernani Bk Osasunaren aurka arituko beharko du Iruñan gaur, 14:30etan. Bihar, igandea, Hernani Ak Easoren aurka jokatu du etxean, 13:00etan.

Pelota
Berria txapelketako partiduak bihar
Igandean Berria pelota txapelketako kanporaketa jokatuko da Hernanin. Goizeko 11:00etatik aurrera, Amezketako Zazpiturri eta Azpeitiko Ilunpe arituko dira elkarren kontra. Partiduak kadete, jubenil eta nagusien mailetan dira. Bestalde, Gipuzkoako Txapelketan Arrieta-Lazkanok final zotzirena jokatuko dute gaur Ataunen, eta Aizpitartek ere partidu garrantzitsua du gaur Hernanin 15:00etan.

Gipuzkoako pelota txapelketa herrikoia gaur da Usurbilen
Gipuzkoko herrietako torneoetan txapeldun gelditu diren pelotariak ari dira jokatzen txapelketa eta Hernaniko bikoteak partidua du gaur Azpeitiako bikotearen kontra: Xabier Legarreta-Gorka Ezeiza/ Zubizarreta-Korta. Gaur, arratsaldeko 18:00etan Usurbilen. Guztira 4 partidu jokatuko dira.

Saskibaloia
Bergara-Hernani
Hernaniko saskibaloi taldeak gaur 12:00etan jokatuko du Bergararen kontra. Bestalde, bihar, saskibaloiko teknifikazioa izango da Hernanin, eta 9-14 urte bitarteko gaztetxoak gonbidatu dituzte. Teknifikazioa 10:30etatik 12:00etara izango da.

 

Buelta lehenengo orrira