2003 urtea

Urtarrilak 4

Igandea

Alea: 980

Errege Magoak bihar etorriko dira
Hernanira karrozan
Arratsaldeko 16:00etan zaharren egoitzara joango dira eta arratsaldeko 18:00etan hasiko dute herritik egingo duten buelta .Arratsaldeko 20:00ak aldera plazan egongo dira umeak agurtzeko.

Bihar etorriko dira Errege Magoak Hernanira eta urtero bezala erregalo mordoa utziko dute. Baina lan neketsu hori egin aurretik herrian barrena buelta egingo dute karroza gainean eta inguratzen zaizkien haur guztiak agurtuko dituzte, karameluak banatzen dituzten bitartean.
Arratsaldeko 16:00etan ohitura den bezala zaharren egoitzara joango dira eta arratsaldeko 18:00etan aterako da Latsunbetik herritik buelta emango duen Erregeen karroza. Latsunbetik Elkanon gora igo, plazara sartu eta Kardaberaz kalean behera jeitsiko dira Zinkoenearaino. Handik, Txirrita, Elkano eta Izpizua kaleak pasako dituzte eta gero Kale Nagusian barrena Gudarien plazara joango dira. Gudarien plazan Belengo Estalpea jarrita egongo da, eta 20:00ak aldera, Errege Magoak Udaletxeko arkupeetan egongo dira umeekin. Ibilbidea musikaz lagunduko dute Hernaniko Txistulari Bandak eta Hernaniko Musika Bandak. Plazan egingo duten ekitaldian txalaparta doinuak izango dituzte lagun.

Aurten karrozarekin
Lehengo urtean Erregeak zaldiz etorri ziren eta duela bi urte ez zen kabalgatarik izan. Aurten berriro ere kabalgata antolatzeko komisioa osatu egin da eta bertan daude Berriak, beste komertzioak eta hainbat boluntario. Udalak ere lagundu du. Antolatzaileek esan dute kabalgata egunerako laguntza behar dutela, karroza inguruko seguritate-soka eusteko jendea behar da-eta.


Hernaniko Ehitza Txapelketa
Iñaki Loiartek bigarren urtez segidan
irabazi dezake gaur

Iñaki Loiarte (iazko txapelduna) dijoa aurrena, bigarren Juan Antonio Beraza eta hirugarren Mikel Arrieta. Azkeneko jornada gaur jokatuko da Epelerreka eta Usokoerrekan, 09:00etatik 13:00etara.

Txantxangorri elkarteak antolatuta, gaur jokatuko da 2003ko Hernaniko ehiza txapelketako azkeneko jornada. Iñaki Loiarte iazko txapelduna dijoa lehendabizi txapelketan, joan den igandean berak irabazi zuelako. Bi egunetan jokatzen den txapelketa honetan, ehiztari bakoitzari bi egunetako puntuak hartzen zaizkio kontuan sailkapenerako. Juan Antonio Berazak egin zuen bigarren aurreko igandean eta oso puntu gutxira dago lehenengotik. Hirugarren Mikel Arrieta dago.
25 urtez egin den txapelketa
Aurtengoa 25garren edizioa du txapelketak. Ehiztariak txakurrak lagunduta egin behar du ehiza eta irabazlea zonaldeko txapelketara pasako da.


Sahara laguntzeko kanpaina hasi zen atzo eta 1200 kilo janari jaso zituzten
Antolatzaileek dei egin dute janaria ematen jarraitzeko, batez ere esne hautsa eta atuna oliotan. Biterin, ikastoletan eta hainbat komertziotan utzi ahal izango da janaria.

Atzo goizean Plaza Berrian janaria biltzen aritu ziren Sahara laguntzeko kanpainari hasiera emanez. Hainbat supermerkaturen ateetan ere egon ziren janaria biltzen. Orain arte Biterin ari ziren janaria jasotzen baina orain elkarte batzuk bildu eta kanpaina elkarrekin egitea erabaki dute. Elkarlanean dabiltzanak dira: Udala, ikastetxeak, Saharako haurrak etxean hartutako familiak, Eliza Ebanjelikoa, Eliza Katolikoa eta kooperazio taldea.
Kamioi bete janari Saharara
Atzo goizean zehar 1200 kilo janari bildu zituzten eta antolatzaileak oso pozik daude herritarren partetik jasotako erantzunarekin. Baina asmoa da Hernanitik Saharara kamioi bete janari bidaltzea eta horretarako kanpainaren antolatzaileek dei egin dute janaria ematen jarraitzeko. Eraman beharreko janaria da: garbantzuak, lentejak, babarrunak, arroza, olioa eta batez ere atuna eta esne hautsa. Izan ere, bi elikagai horiek eraman ditu jendeak gutxiena. Janaria Biterin utzi daiteke eta hemendik aurrera hainbat supermerkatu eta ikastoletara ere eraman ahal izango da janaria.
Saharara kamioia bidaltzea diru asko kostatzen da eta horretarako dirua behar da. Kanpaina diruz lagundu nahi duenak kontu hauetan egin behar du ingresoa: Kutxa: 2101 0200 44 0011305190. Laborala: 3035 0060 45 0600047469.


Jasota Bezala (Gutunak):
Zapatistak oroituz
Bi aldiz etorri dira Chiapasko zapatistak Hernanira azken urteetan. Lehenengoan, duela hiruzpalau urte, Yolanda Castro Erresistentzian dagoen Gizarte Zibileko Koordinakunde Zapatistako kidea izan genuen gure artean. Harrera beroa egin zion orduko alkate Mertxe Etxeberriak udaletxean. Ondoren, Ezker Abertzaleko zinegotziekin bildu zen. Bilera hartan alkateak hitzaldi bat emateko eskaintza egin zion Yolandari. Hitzaldia Biterin eman zuen eta alkatea ere bertan izan zen Yolandak esandakoak entzuten; bigarrenean, duela bi urte eskas, Micaela Hernandez K’inal Antzetik emakume taldeko lehendakariarekin batera etorri zen Yolanda Hernanira. Bisitaldiaren xedea zen Chiapasko emakume joskileen kooperatiba projekturako laguntza eskatzea eta harreman instituzionala zabaltzea hango eta hemengo udalerrien artean. Arazo burokratikoak medio, ezin izan zuten laguntza ekonomikorik jaso. Aldiz, elkartasunaren oihala hobeto josten erakutsi ziguten.
Orain bete dira 10 urte zapatistak Chiapasen matxinatu zirenetik. Hango egoerak gogorra izaten jarraitzen du. Baina zapatismoak herri indiarren duintasun errebeldea erakutsi du. Eta boteretsuen indargabetze saio guztien gainetik, mundu mailako mugimendu bilakatu da zapatismoa, alegia, mundu anitzen mundu berri baten itxaropen hazi.
Urteurrena osapatzeko, zenbait ekitaldi antolatuko dira Hernanin urtarrilean zehar. Besteak beste, zapatismoaren hamar urteak aztertzen dituen dokumentalen projekzioa, Jon Zabaletak ilustratu dituen ipuin zapatista euskaratuen erakusketa, eta Txan magoaren ikuskizun berria.
Xabi Ibarzabal

Hernaniko komertzio batzuk
zabalik gaur
Hernaniko zenbait denda eta komertzio ireki egingo dituzte gaur. Komertzio horiek Hernaniko jendeari aukera eman nahi diote Errege eguneko enkargu eta opariak Hernanin egiteko.

Gose greba Europan, presoen alde
Etxeratek antolatuta, presoen egoera salatzeko gose grebak egingo dira Europako hiri batzuetan bihartik ostiralera. Gose greba honako hirietan egingo dute: Berlin, Ginebra, Kopenhage, Bruselas, Paris, Milan eta Bartzelonan. Autobusak gaur aterako dira Hernanitik eta informazio nahi duenak Garinera jo lezake.

Bertsoak larunbatean Martindegin

martindegiko Auzo elkarteak antolatuta, Maialen Lujanbio eta Andoni Egañak bertso afaria egingo dute datorren larunbatean Martindegin, Mendizabal sagardotegian. Sarrerak salgai daude Oialume tabernan.

Futbola
Hernani-Ordizia, gaur Zubipen
gorengo taldeak Ordiziaren kontra jokatuko du gaur, Zubipen. Hernanik aukera ona dauka sailkapenean postu batzuk igotzeko, Ordizia nahiko pattal jokatzen ari baita aurten. Hernani 16garren dago baina 11garrena puntu bakarrera dauka. Partidua, gaur Zubipen, 17:00etan.



Pelota - I. Buruntza Torneoa
Bi partidu atzo Kiroldegian
Buruntza torneoko aurreneko bi partiduak izan ziren atzo Kiroldegian. Aurrenekoan Esnal eta Oar-Arteta aritu ziren aurrez aurre eta emaitza 22 eta 19koa izan zen Oar-Arteta bizkaitarraren alde. Esnal hernaniarrak bi aste daramazki eskuko minez eta partidua ezin izan zuen gustora jokatu eskua dela-eta. Bigarren partiduan emaitza izan zen: Kamarero-Matute III 22 Aio-Milikua 15. Partidu borrokatua izan zen bigarren hau eta tanto politak ikusi ahal izan ziren. Torneoa bukatzeko 7 partidu falta dira eta denak Hernanin jokatuko dira.

Mendiriz Mendi

Mendi ibilia Pasai San Pedrotik
Donostiara
Mendiriz Mendik mendi ibilaldia antolatu du urtarrilaren 11rako. Pasaiatik Donostiara joango dira itsasertzetik, eta aukera izango da bertako landaretza eta animaliak ikusteko. Izena emateko epea datorren ostegunean, urtarrilak 8, bukatzen da. Izena emateko Mendiriz Mendiko lokaletik pasa behar da (Iturregi plaza), ostegunean 20:00etatik 21:00etara.

Zinea Biterin
‘Matrix’ eta ‘Betizu’ gaur
Igandero bezala, bi pelikula botako dituzte gaur Biterin. Arratsaldeko 17:00etan Betizu, eta 19:30etan Matrix.

Astigarraga
Puzgarri parkea, rokodromoa
eta tirolina

Umeentzako ekintzak antolatu dituzte gaur Astigarragan, goiz eta arratsalderako. Gaztelu puzgarriak, rokodromoa eta tirolinak daude prestatuta kiroldegian edo Foru plazan (eguraldiaren arabera). Ordutegia: 11:00-13:30 eta 17:00-19:30.

Oialume dantzalekua
Dantzaldia gaur goizaldera arte
Oialume dantzalekuan festa izango da gaur 20:00etatik aurrera, goizaldera arte. Kauta eta Berri Txarrak taldeak eta DJak ariko dira.

Buelta lehenengo orrira