2003 urtea

Urtarrilak 7

Asteazkena

Alea: 982

Eskapea izan zen atzo Electroquímica enpresan eta langile bat zauritu zen
Azido klorhidriko eskapea izan zen, goizeko 04:20etan, 40.000 litro zituen depositoko balbula hautsita. Langilea ospitalera eraman zuten. SOS Deiak Larrialdi plana jarri zuen martxan Lastaolan.

Atzo goizaldean azido klorhidriko eskapea izan zen Electroquímica enpresan eta MAAM 37 urteko langileari zauriak eragin zizkion. Goanteak eta antiajuak zeramazkien langileak, baina, erreak izan zituen hanka, beso eta aurpegian eta ospitalera eraman zuten. Herrizaingo Sailaren arabera langilearen egoera ez da grabea. Ertzaintzak bidea itxi eta trafikoa atzeko bideetatik desbideratu zuen eta enpresa inguruan eta Lastaolan seguritate dispositiboa antolatu zuten. Eusko Jaurlaritzako Larrialdi Zentruak koordinatu du seguridade dispositiboa eta Krisi gabinetea bilduta egon zen goizaldean, Babes Zibila, Ertzaintza eta Udala biltzen dituena.

Azido klorhidrikoa
Istripuz, 40.000 litro klorhidriko zituen depositoko balbula hautsi zen, eta inguru guztian duen seguridade kubetan gelditu zen ixuria. Ixuriak % 33 du kloroa. Bonberoek ur kortinak erabili dituzte eskapearen ondorioak kentzeko eta goizeko 06:00ak aldera pasa dute ixuria kamioi zisterna batera. Enpresak adierazi du eskapea enpresa barruan gelditu zela eta kanpoan ez zuela inolako eraginik izan.

Beste espediente bat
Udalak adierazi du Electroquímica enpresari beste espedientea bat zabalduko diola, urrian zabaldutakoaz gainera. Udalak esan du kezkatuta dagoela enpresak azken aldian izaten aldiko historialarekin eta herrian sortu duen alarmarekin. Urrian izandako kloro eskapearen ondoren Udalak eta Jaurlaritzak erabaki zuten enpresari bijilantziak eta inspekzioak zorroztea. Udalaren notaren arabera, Electroquímicak produkzioa berritu egin du eta Jaurlaritza aztertzen ari da lizentzia berri horrek zein neurri behar dituen. Udalak eskatu dio azterketa hori lehenbailehen bukatzeko. Azkenik, Udalak zauritutako langileari lehenbailehen sendatzea opa dio.
Gaur goizean Udaletxeko Ingurugiro Saila bilduko da eskapeak izan dituen ondorioak aztertzeko.


Harrobia bete eta itxuratzeko asmoa atzera botako du Plenoak gaur, Santa Barbara osorako proiektua egin artean
Lehiaketa “desierto” uztea eskatu du Udalaren arkitektu asesoreak, bere garaian onartutako Santa Barbarako Plan Berezitik urrundu egiten direlako jasotako lau proposamenak. Plenoa gaur, 18:00etan da

Plenoa dago gaur Udaletxean eta puntuetako bat da Santa Barbarako harrobia bete eta paisajistikoki hobetu eta parke gisa egokitzeko lehiaketaren berri ematea. Lau enpresa aurkeztu dira, baina, Hirigintza Batzordeak lehiaketa hutsik uzteko proposamena eramango du plenora, Udalaren arkitektu asesorearen txostena kontuan hartuta. Txostenak dio garai batean egindako ideia konkurtsoa eta horren ondotik egindako Plan Berezitik urrundu egiten direla proposamenak eta Santa Barbara guztirako proiektua egitea komeni dela harrobiari irtenbidea eman aurretik.
Orain Obra Publikotakotako Batzordera pasako da gaia, proiektua egiteko tramitea hasteko, eta behin proiektua eginda aterako litzateke berriz ere lehiaketa publikora.
Beste lau puntu
Gaurko Plenoan beste lau puntu ere eztabaidatuko dira eta horietako bat da herri barruko autobuseko txartela igotzeko eskaera.
2004ko lehen Pleno hau 18:00etan izango da Udaletxeko Pleno aretoan.


Zeberio II-Auzmendik eta Ezkurra-Olazarrek jokatuko dute binakako finala Galarretan

Finala larunbat arratsaldean jokatuko da. Zeberio II-Auzmendik Agirresarobe-Lizasori 40-33 irabazi zioten semifinaletako bigarren partidua Euskalen

Asteartean jokatu zen Erremonteko Bi bitako txapelketako azken final aurrekoa Uharteko Euskalen eta Zeberio eta Auzmendik lortu dute finalerako txartela. 40-33 irabazi zieten Agirresarobe Lizasori eta aurreko partidua ere 40-35 irabazi zutenez berak jokatuko dute finala.
Partidua berdindua izan zen 30 tantorarte, baina, hortik aurrera Zeberio eta Auzmendi aurreratu ziren eta nahiko erraz irabazi. Zeberio eta Auzmendik biek egin zuten partida ona, baina, galtzaileetan Lizasok dena eman zuen baina ez zuen Agirresaroberen laguntza haundiegirik izan eta bukaeran erraz nagusitu ziren irabazleak.
Finala larunbatean
Finala datorren larunbatean jokatuko da Galarretan 16:00etan hasiko den jaialdiko bigarren partiduan. ETBk zuzenean emango du partidua.
Bestalde, lau erremontistek gaur eguerdian aukeratuko dituzte Galarretan larunbateko finalerako pelotak, 12:00etatik aurrera.


Ezker Abertzaleak Herri Batzarra egingo du gaur Biterin

Gaur, osteguna, Ezker Abertzaleak Herri Batzarra egingo du martxoan izango diren hauteskundei buruz. Batzarra Biterin da, arratsaldeko 20:00etan.
Bestalde, larunbatean urteko plangintzari buruzko mintegia egingo da, Biterin 10:00etan.

 

Ihauterietarako kartel lehiaketarako lanak aurkezteko azken eguna bihar
Udaletxeko Kultura sailak Ihauterietarako kartel lehiaketa egin du aurten ere eta bihar, ostirala, da lanak aurkezteko azken eguna. Proposamenak Biteri kultur etxean entregatu behar dira.

Maialen Lujanbio eta Andoni Egañak bertso afaria Martindegin larunbatean
Martindegi auzoak urtero bertso afaria antolatzen du gairai honetan. Aurten, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio arituko dira kantari, Euskal Herriko txapelduna eta Gipuzkoako txapeldun berria.
Afaria Mendizabal sagardotegian izango da, iluntzeko 20:30etan. Martindegik urteak daramazki urteko festa hau egiten eta urtero sagardotegi batean izaten da. Festak oso harrera ona izaten du jendez eta giro ederra izaten da. Sarrerak Oialume tabernan daude.


Elur-Txorik igandean egingo du urteko batzarra
Elur-Txori elkartea izango da 2004an urteko batzarra egiten duen aurreneko soziedadea. Urtarrilaren 11ean izango da, igande honetan, eta junta aldaketa izango da batzarreko puntu nagusietako bat. Bi urteotan Mikel Armendarizek zuzendu duen taldea aritu da lan horretan. Hurrengo taldea zein izango den ere erabakita dago, eta talde horren esku geldituko da lehendakaria aukeratzea.
Elkarte gehienetan zuzendaritza modu berean antolatzen da: bazkideak taldeka bildu eta talde bakoitza txandan-txandan sartzen da juntan. Bi urteko agintaldia izaten da.
Zuzendaritza aldaketaz gain, urteko balantzea izango da beste puntu nagusia.

Loteria tokatu da
Elur-Txori elkartean Gabonetako loteria tokatu da: jokatutako euroko, bost jasotzea. Erosi duenak Plaza Berriko Kutxatik pasa, astearte eta ostegunetan, 08:00-10:00.

Peña Otañon barrikotea izango da ostiralean
Peña Otaño elkartean barrikotea izango da bihar, ostirala. Izen ematea zabalik dago eta afaria 20:30etan izango da.

Elkarri
Loteria kobratzeko Laboraletik pasa
Elkarriko loteria erosi duenak, hartu duen euroko bost jasoko ditu. Kobratzeko Euskadiko Kutxatik pasa.

Buelta lehenengo orrira