2003 urtea

Urtarrilak 9

Ostirala

Alea: 984

Hasi da merkealdia, eta Gabonetako kanpaina aurreko urteetako moduan joan da
Merkatariek ustez azken hiru urteetan salmentak jeitsi egin dira, horri arrazoi zehatzik aurkitzen ez badiote ere.

Merkealdiak hasi dira Gabonetako oporrak bukatu eta gero. Komertzio batzutan Gabonak bukatu eta berehala hasten dituzte, beste batzuek egun batzuk itxoiten dituzte Gabonetako erosketetako ajeak pasa arte. Hainbat merkatarik Kronikari adierazi diotenez zenbait komertziotan gero eta lehenago hasten dituzte merkealdiak, Gabonetako promozioak eta horrelakoak erabiliz Gabonetarako ekarri duten jeneroa saltzeko. Hala ere, jendea merkealdia noiz iritsiko zai egoten da, eta nahiz eta oraindik kartelak jarrita ez egon, galdezka sartzen da dendetara merkealdia hasi ote den.
Merkatari baten hitzetan, rebajak egiten dituzte batez ere neguan propio saltzeko duten jeneroa dendatik ateratzeko bidea egiteko. Dena ere ez dute berdin merketzen, eta normalean urte guztian saltzen den jeneroa da gutxiena merketzen dutena eta batzutan prezio berdinean saltzen dute.

% 10, 20, 30 deskontua
Merkealdia orain hasi eta bi hilabete iraun dezakete tope eta merkatariek adierazitakoaren arabera merkeladi hasieran eta bukaera aldean joaten da jendea gehiena. Hasieran nobedadearengatik eta bukaeran merkealdiaren merkealdia izaten delako. Hasiera baten %10, %20 edota %30eko deskontua egiten dute eta merkealdi bukaeran prezio erdira edo gutxiagora saltzen da jeneroa.

Beste urtetan bezala
Gabonetako salmenentei buruz Hernaniko zenbait merkatarik Kronikari adierazi diote beste urteen antzera ibili direla. Hala ere hainbat komertziotan, arropa eta moda dendetan batez ere, adierazi dute duela hiru urtetik hona salmentek behera egin dutela nahiz eta horren arrazoia zein den oso ondo ez dakiten.
Zentro komertzialek asko markatzen dute herrietako merkataritza, ordutegiak, prezioak eta ofertak erabakitzerako orduan. Merkatariak herriko jendea erakartzen saiatzen dira herriko komertzioetara eta besteak beste, zozketak eta erregaloak egiten dituzte bertan erosteagatik. Jai egunean ere ireki egin dute hainbat dendek jendea erosketak egiten herrian gera dadin, hori dela eta urtarrilaren 4ean, igandean, Hernanin hainbat denda ireki egin zituzten.


Electroquímicako istripua “failo humanoagatik” gertatu zen Jaurlaritzako eta enpresako teknikoen esanetan

Udalatxeko ingurugiro Sailak eta Electroquímica enpresako ordezkariak bilera egin zuten atzo. Udalak espediente bat zabalduko dio Epeleko enpresari asteazken goizaldean izan zen istripua zehatz nola eta zergatik gertatu zen argitzeko. Hala ere, Jaurlaritza eta enpresako teknikoen arabera “failo humano” batek ekarri zuen istripua, ez produkzio sistemak. Udalak ere ontzat jotzen du hipotesi hori.

Inspekzioarekin jarraitu
Electroquímican urrian gertatutako istripu haren ondoren, Udaletxeko eta Eusko Jaurlaritzako zenbait departamenduk erabaki zuten Electroquimícako produkzio sistema inspekzionatu eta aztertzea produkzio berrira egokitzeko zein neurri behar diren, aktibititate lizentzia produkzio berrira egokitu aurretik. Enpresa espezializatu bat ari da azterketa guzti hori egiten.
Ingurugiro Sailak erabaki du akordio horien segimendua egitea. Udalak adierazi du poztu dela zauritutako langilea onera dijoalako.


Larunbateko finalerako gustoko materiala bilatu zuten atzo lau pelotariek

Ezkurra-Olazar osaba-ilobek 118, 117, 118, 119, 119 eta 121 gramoko pelotak hartu zituzten, eta Zeberio II-Auzmendik 122, 122, 120, 122, 123 eta 123koak.

Erremonteko finalerako material aukeraketa egin zuten atzo Galarretan eta lau pelotariak gustora atera ziren. Ezkurra eta Olazarrek material arinxeagoa aukeratu zuten eta Zeberio II eta Auzmendik astunagoa. Bihar bi izar eta finala lehen aldiz jokatuko duten bi pelotari izango dira kantxan eta nerbio eta presioak asko markatu lezake partidua.

Izar haundiena, justuan
Ezkurra joko puntu txarrean harrapatu du txapelketak, baina, berak izango du partiduko giltza eta “dena arriskatzera” aterako da Kronikari esan dionez. Olazarrek lehen finala du eta 20 urteko gazte honek ilusio haundiz hartuko du. Badaki kontrarioak bera bilatuko dutela, baina, preparatuta eta ondo ikusten du bere burua.

Partidua atzean
Zeberio eta Auzmendi partidua atzean kargatzen saiatuko dira: Ezkurrari kendu eta ea Olazarrek behera egiten duen. Auzmendik ere lehen finala du, baina, badaki partidua non egongo den: “sakean asmatu behar dut eta Ezkurrari pelota kentzen”. Zeberiok ere atzean ikusten du partidua eta “oso pelota ona hartzean arriskatuko dut aurrean” dio.
Erremonteko urteko egunik haundienetakoa izango da biharkoa eta ikusiko da beterania eta berritasuna zein bikotek uztartzen dituen hobeto. Aldez aurretik ez dago faborito garbirik. Bihar, Galarretako jaialdiko bigarren partidua izango da, 16:00etan.


 

Gose greban Milanen, euskal presoak Euskal Herriratzearen alde
Etxeratek antolatuta gose greban daude Europako hirietan Euskal Presoen egoera salatzeko.Bildu Hernaniko bi kide joan dira protesta ekitaldira.

Etxerat elkarteak antolatuta Europako hirietan gose greban daude, Euskal presoek jasaten duten egoera salatzeko. Milanen Euskal Herritik joandako 25 lagun daude, batzuk Hernanitik joandakoak. Hernaniko Kronikara bidalitako prentsa oharrean diotenez hotz izugarria egiten du Italiako hiri horretan, baina, egunero ateratzen dira kalera jendeari informazioa zabaldu eta Euskal presoek Espainia eta Frantziako kartzeletan jasaten duten egoera salatzera.

Jendearen babesa
Egunero leku bat baino gehiagotara joaten dira informazio paperak zabaltzera. Orain arte kontzentrazioak egin dituzte: Espainiako kontsulatuan, supermerkatu aurreetan, plazetan, informazio agentzietan eta abar. Prentsa oharrak dioenez Italiako jendea ere bildu da kontzentrazioetara eta jende askok azaldu du kezka euskal presoen egoeraren inguruan eta Euskal Herriko egoeraren inguruan. Horrez gain, Italiako hainbat komunikabide eta talderekin ere harremanetan jarri dira eta informazioa zabaltzen ari dira.

Enkartelada gaur, preso eta iheslariak Euskal Herrian bizi behar dutela aldarrikatzeko
Etxeratek enkartelada deitu du gaur 20:00etan plazan, Euskal iheslari eta preso politikoak Euskal Herrian bizi behar dute lemarekin. Etxeratek dio urte berria hasi dela, baina, preso eta iheslariek egoera txarrean jarraitzen dutela eta Etxeratek bere aldarrikapenekin aurrera segiko duela. Elkarteak hernaniar guztiei dei egin die enkarteladan parte hartzera.


Herri barruko autobus 5 zentimo gehiago kostako da orain, 0,45 euro
Herri barruko autobusa hartzea 0.45 euro kostako da hemendik aurrera, orain artean baino 5 zentimo gehiago. Prezio berria atzo onartu zuen Plenoak, EBren abstentzioa eta beste alderdi guztien baiezko botoarekin. Ezker Batuak gaia komisiora itzultzea eskatu du, beste finantziazio formula bat bilatzeko. Udalak autobus zerbitzuari ematen dion subentzioa mantendu egin da, eta tarifa igo da.

Peña Otañon barrikotea izango da gaur
Peña Otaño elkartean barrikotea izango da gaur, 20:30etan.

Kabalgata
Parte hartu duten gazteentzako merendola
Merendola egingo dute Errege Kabalgatan parte hartu zuten gazteentzat. Gazteei eskatzen zaie paje trajeak itzultzeko datorren urtean erabili ahal izateko. Kardaberaz kaleko jostailuen lokalean, Domiko ondoan, arratsaldeko 19:00etan.

Buelta lehenengo orrira